Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Xapelketan, formula berria

2018/05/24
2020an banakako xapelketa egingo bada ere, aurtengo udazkenean XILABA taldekako ekimen gisa jokatuko da. Gazteen taularako jauzia erraztea da asmoa.

Datozen urteei begira, XILABA Xapelketaren formatuan aldaketak datoz. Duela bi urte, orduko XILABA burututa, balorazio lanak egin ziren eta egitura egokitu beharra sentitu zen. Iaz XILABArik gabeko urtea izan zen, eta Euskal Herrian gauzatzen diren beste proiektuak hurbilagotik begiratzeko baliatu da epe hau: Taldekakoa Bizkaian, Herriartekoa Gipuzkoan, Bardoak Nafarroan eta Kuadrillen Artekoa Araban. Ideia horiek gurera ekarri ditugu eta aurten taldekako ekimena egingo da udazkenean XILABAren baitan.

Aldaketa ez da erabatekoa izanen, 2020ko urtean banakako antolaketara pasatuko baita berriz ere XILABA. 2021eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusira joateko, Xiberoa, Lapurdi eta Baxenarretik hiru bertsulari sailkatuko dira handik eta, beraz, besteak beste, hori erabakitzeko antolatuko da banakako XILABA. Baina 2018 huntan sailkatze behar horretatik libratzen gire, eta badugu aukera beste bideen esploratzeko; hala, aurtengoa taldekoa antolatzeko probestuko dugu.

Gazteen taularako jauzia errazteko

2016an hamabost bertsularik hartu zuten parte XILABAn. 2008an, lehen aldian, hamasei izan ziren. Pentsatu da, gaur egun bizi den egoera "memento" batean dela, eta memento hori da bertsu eskoletan biltzeko prest den jendea plazara helarazteko. Oraintxe da unea, bertsu eskolatik taula gainerako zubi hori laguntzeko. Gazte andana batek, lizeora arte, bertsua jasotzen du bertsu eskolan, eta Lizeoan ez dute denek oraino egina bertsu eskolatik taularako jauzia.

Kontua da Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko bertsulariek ez dutela errazki ematen izena banakako xapelketan. Aldiz, taldekakorako anitzez gehiago dira animatu. Horretarako, iruditzen zaigu gure lurralde hauetako bertsularitzarentzat arnasa berri bat emaiteko manera egokia dela formula berria. Esperantzarekin 2020an banakakora berdin, bertsulari gehixeago ausartuko direla taldekako huntatik.

Orain antolakuntzan lanean ari gara. Maiatzaren 31 arte luzatu da izen emaite epea. Xapelketa bera larrazkenean iraganen da, aitzinekoak bezala. Irailean xehetasunak argitaratuko dira.

2020an izango da berriro banakako XILABA.