Udazkenean jokatuko da Taldekako XILABA
2018/07/03
Hamaika (11) talde izan dira datorren udazkenean ospatuko den Taldekako XILABA xapelgoan izena eman dutenak. Guztira 43 bertsulari eta 15 bat gai-emaile eta antolatzailek hartuko dute parte Xiberoa, Baxenabarre eta Lapurdin inoiz jokatu den xapelgorik jendetsuenean.
Hauek dira parte hartuko duten taldeak:
Eskukula (Amikuze). Tirrit (Baigorri, Itsasu). Otsoaren 7 umeak (Donibane Garazi). Dilindan (Makea, Hazparne). Sasi Bertsolariak (Hendaia, Ziburu). Ostatu Batuak (Hendaia, Urruña). Ezkorbrutak (Hiriburu). Kantiniersak (Maule, Xiberoa). Mattinsalto (Azkaine, Sara). Kontrabanda (Azkaine, Sara). Kosta ala Kosta (Hendaia).
Joan den ostegunean Larraldean egin den zozketaren ondotik finkatuak gelditu dira lehen faseko multzoak. Urriaren 12an hasi eta abenduaren lehenean bururatuko da lagunarteko lehiaketa hau. Heldu den irailetik aitzina zabalduko ditugu xapelgoari buruzko xehetasun guziak.
Anartean uda ona opa dizuegu guziei!