Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Taldekako Xilabako ondoko fasean nor kantatuko zuen zehazten doa emeki-emeki

2019/10/15
Pasa den asteburuan, Amenduzeko Eiheran eta Azkaingo Xoko Ona ostatuan jokatu ziren Taldekako Xilaba Xapelketako ligaxken laugarren asteburuko saioak.

Azaroaren 11n Amenduzeko Eihera mukuru bete zen, afarirako mahainak gehitu behar izateraino. Eskukula eta 4koplasara taldeek, biak Ezkorbrutei gailendu ondotik, finalerdira pasatzea jokoan zuten.

Agurrekin giroa piztu zuten eta ez zen gaualdi osoan itzali. Gaiak aktualitatea eta umorea uztartuz joan ziren: haien artean mintzo diren ahantziriko zulo bateko ETAren arma ahantziak, kantuekin laborarien eta herriaren borroka edota barazkijaleekiko kritika, Euskal Irratiak koplako saioan eta baita porno aktore izan nahi duenaren burasoena ere.

Bakarkako gaian, Ramuntxo Chrystiri, "eskuin muturrak sobera ziztela dio" gaiari kantatu behar izan zion: "Alde bateko eta besteko nahi langileen defentsa / ...Aterabide bera dugunik ez dezala nehork pentsa" bota zuen lehenean. Bigarrenean Ramuntxo, eskuina igotzean ezkerrak behera egiten duela eta ifrentzuz azalduz hasi zen, eskuinekoen kexua nondik heldu zen ulertzen erranez finitzeko. Amets Arzallusek, berriz, "ezin ditu gehiago galtzak hetsi". Argalegi zela entzun izan duela eta jaten hasi denaren paperean sartu zen: "Lehenik hartu Big Mac bat, bat ta gero beste bi / pisuan gora ta gora hasi ta ezin geldi / o(r)ai galtzak ezin lotuz duda sartu zait neri / ez al ditudan erosten sobera tinkoegi”, bota zuen lehen bertsoan. Mundu erdia dieta egiten ari dela nabarmenduz hasi zuen bigarrena: "Ta ez naiz ongi senditzen kilo hauen harira / hala ere jan eta gora nahi nuke tira / galtza haundiagoak erosi eta neurrira / ezin baikintezke bizi itxurari begira".

Gero jinen zen libreko bertsoaldiek bertsolariak publikoarengandik hurbiltzea ahalbidetu zuen eta horrek jadanik beroa zen giroa leherrarazi zuen. Azken agurren ondotik, Hodei Renteria gai emaileak finalerdira 4koplasara taldea iraganen zela iragarri zuen. Ondorioz, azaroaren 2an Baionako Zizpa gaztetxean Hasta la 2toria eta 4koplasara lehiatuko dira.

Urriaren 12ko saioa ere bezperakoaren pare joan zen, Xoko Ona ostatuko gela ttiki gelditu baitzen. 60 pertsonatik gora agertu zen Ekainaz eta Kontrabanda taldeak entzutera. Saio hori ere giro paregabean iragan zen, funtsean Xilaba joan den moldean. Urriaren 12a izanki (Hispanitatearen Eguna) Ekainaz taldea guardia zibilez jantzirik "makil kaska joko d(ug)u zonbait bizkar" erranez hasi zen. Kontrabandak "multxoko bi galtzaileen guda / ongi etorri kontsolamendura" abestu zuen, bi saioetan gailenduz haien multxotik Hasta la 2toria sailkatu dela oroitaraziz.

Lagunarteko lehia zela argi gelditu zen, biziki etxeko giroa sendi baitzitekeen; bereziki, giro goxo hori nabarmendu behar dugu, jendeak gozatu zuela begibistakoa baita. Saio horrek gaurkotasuna izan zuen aipagai, aldaketa klimatikoa, kantuarekin Knörren Mort pour la patrie edo Larrun mendiaren inguruko arazoa ere hurbil izan zuten "trenean gora turistak begiratzen dituzten bi ahuntzak".

Umorea ere presente izan zen, prefosta. Ahuntzek umoretik kantatu zuten, eta horretarako beste gairik ere aditu ahal izan zen, mozkorra den amatxi aitonarekin oheratu ordez, bilobarekin oheratu zena kasu, edo zazpi aldiz gidabaimena huts egin duenak zortzigarren aldiko inspektore bera egokitu zaionarena ere. Eta horrela doa Xilaba. Behin betiko finalerdiko sailkapena Urruñako Berttolin jokatuko den saioan erabakiko da.

Agurrak:

 

Bideo gehiago ikusi nahi izanez gero, sakatu hemen.

 

Hurrengoa, Urruñan

Datorren asteburuan, ligaxken bostgarren saioa ospatuko da, bertsu bazkaria formatuan.

Urriaren 20an, Urruñako Berttolin 13:00etan: URRUÑAGO eta EZ OTOI PENTSA aurrez aurre.

Zato zu ere zure lagun, ezagun edo herrikideak sustengatzera, irri egitera eta txaloak jotzera... zu gabe ez baitira deus!

5. saioa Taldekako 2019