Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Taldekako Xilabako finalerdiak heldu den asteburuan

2019/10/28
2019ko Taldekako Xilabako finalerdiak azaroaren 1 eta 2an iraganen dira, lehena Baionan eta bigarrena Müskildin.

Orain arteko saioak giro berdingabean joan dira, entzule anitz bilduz, haien artean gazte andana. Maila anitzeko bertsolariak biltzen dituen txapelketa honek gazteak taulara ekartzen laguntzeaz gain bertsozale mota guziengana iristeko xedea du ere, eta lortu dela erran genezake. Gainera, epaile lanetan entzulegotik hautaturiko norbait ezarriz, bertsoa ulertzeko molde guziei lekua eman zaie eta, hortaz, ez da soilik alde "teknikoa" kontuan hartu.

Bederatzi saio joan dira final aitzinekora arribatu arte. Jendeari gozatzeko parada eman dieten bederatzi saio, taldekako batek duen mailaren errespetuan eta ez bertsolari txapelketa batek  galdegiten duen zorroztasunari segituz. Hori da Taldekako Xilabak duen xarma, saioak ez duela biziki-biziki ona izan behar bertsolariek eta entzuleak goza dezaten. Horrek ez du erran nahi taldekakoan bertso maila apala denik, denetarik badela baizik.

Bestalde, hauek dira ondoko fasera pasa direnak: Hasta La 2toria (Lur Renteria, Maddi Sarasua, Elixabet Etxandi, Hodei Renteria, Leire Laskarai), 4KoplaSara (Amets Arzallus, Laida Etxeberri, Ellande Alfaro, Julene Etxeberri), Ez Otoi Pentsa (Miren Artetxe, Josu Txoperena, Gorka Artetxe, Maddi Ane Txoperena) eta UrruñaGO (Kerman Diaz, Odei Barroso, Iker Altuna, Ortzi Idoate).

Lehen finalerdia Baionako Zizpa gaztetxean iraganen da, saioa 19:00etan hastekoa da eta ikastolak laguntzen dituen B.I.L. elkarteak, taloak salduko ditu bai saioa aitzin eta baita ondotik ere. Hartan Hasta La 2toria eta 4KoplaSara izanen dira parez pare. Bigarren final aitzinekoa, aldiz, Müskildi herriko Posonpesenea gelan iraganen da eta han, Epherra ikastolak tokiko mozkinekin prestaturiko afaria eskainiko du. Hitzordua aperitifarako finkatua da eta izena ematea gomendatzen da 06 81 81 14 39 zenbakira deituz. Xiberoako saioan jadanik Urruñan lehiatu ziren UrruñaGO eta Ez Otoi Pentsa izanen dira, azken honek multxoetako bigarren talde onenaren lekua erdietsi baitzuen. Zatozte beraz bertsoaz gozatzera, bertsoak behar zaitu!