Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Ostiralean ospatu zen Bertsularien Lagunak elkartearen urteroko Biltzar Nagusia

2020/02/24
2019an transmisioan eta sustapenean egin lanaren bilanak eta 2020rako egitasmoak aurkeztu eta onartu ziren Senpereko "Larraldean". Bertara hurbildurikoek 2019ko diru kontuak eta 2020ko aitzinkontua aho batez onartu zituzten baita ere.

Transmisioan 2019ko datuak aztertuz, Xiberoan, Baxenabarren eta Lapurdin bertsularitzaren jarduna egonkortu dela azpimarratu zen, bai ikastoletan, gela elebidunetan, eta baita ere bertsu eskoletan.

2019-2020 ikasturterako lantaldean moldaketak izan direla agertu zen: Transmisio eragile bat da lanaldi erdiz, bi erakasle lanaldi osoz, bat %60an eta beste bat lanaldi erdiz. 

Bertsu eskolak 19 herrietan ari direla agertu zen, 33 talde eta guztira 200 bat ikasle. Arautuan: Seaska eta Elebidunetan ari dira klaseak ematen. Eta ikasturtean, eskola ondoko hainbat aktibitate gauzatuko dira: Topaketak (3), Bertsulari Ttiki (4), Ikasturte bukaerako Besta Egunak (5), Eskolartekoak (5), Haizea Dator (8).

Sustapenean, 2019. urteko apirilatik aitzin Sustapen eragile bat da lanaldi erdiz. Orain arte antolatzen diren ekimenak indartzen ahalegin berezi bat egin dela, eta horretarako Sustapen taldea indartu dela azpimarratu zen. Ekimen ezberdinen berri eman zen:

Inoiz baino saio gehiago lagundu dira eta hori horrela dirulaguntzak emateko irizpideak findu direla agertu zen. Irizpideak eta dirulaguntza eskaerak egiteko dokumentuak web gunean daudela erran zen. Bigarren aldiz Taldekako XILABA ospatu dela ere agertu zen, eta afera horren inguruko xehetasunak agertu ziren: guztira 12 saio, 48 bat lagun partehartzaile gisan, hainbat leku ezberdinetara iritsiz, eta bertsularitzara publiko ezberdina hurbildu araziz. Xapelketa hunek, helduen bertsu eskolak aktibatuta mantentzeko ere balio izan duela aipatu zen.  Eta segida emateko, 2020. urteko udaberrian.Hernandorena Bertso Sariketa antolatuko dela erran zen, datak eta lekuak jadanik finkatuta daude. Udazkenean, VI. XILABA Xapelketa ospatuko dela ere erran zen, eta horretarako Antolatzaile Taldea jadanik lanean hasia omen da..

Baliabide ekonomikoei dagokionez, azken urteetan lortutako hitzarmenak egonkortu direla eta 2019an emendatze txiki bat ere izan omen da. 2020. urtean Bertsularien Lagunak elkartea saiatuko dela hitzarmen berriak sinatzen, bereziki Euskal Hirigune Elkargoarekin. Jadanik haiekin harremanetan girela agertu zuen diruzainak. 

BN

Ondotik, Euskal Herriko Elkartetik Idoia Trenor koordinaziotik eta Beñat Gaztelumendik lehendakaritzaren izenean hitza hartu zuten eta Elkarteko proiektoaren inguruan egindako gogoetaren ondotik, antolaketa eta egitura lantzeko partaidetza prozesua zertan den agertu zuten.

Bukatzeko,  Pantxoa Etchegoinek, Euskal Kultur Erakundearen izenean, Bertsularien Lagunak elkartearen lana goraipatu zuen, eta BL-k bertsularitzaren sustapenean hiru lurraldeetan duen erreferentzialtasuna azpimarratu. EKE-tik laguntzen jarraitzeko engainamendua berretsi zuen, sustapenean eta ikerkuntzan bereziki. Orain arte jasotako diru laguntzari egonkortasuna emateko, bi urtetako (2020-2021) hitzarmena sinatu zen une horretan leku berean.

Sinadura

Umore onean, talde argazkia eta aperitifarekin bukatu zen Biltzar Nagusia.