Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Mixel Aire "Xalbador II" zendu da

2025/01/14
Urepelen sortua 1944. urtean, 81 urterekin pausatu da. Agurra larunbatean izango da, 11:00etan, Urepelen bertan.

Xalbador bertsulariaren eta Leonie Etxebarrenen semea zen Mixel Aire Etxebarren. Urepeleko Xalbadorrenean sortua, ofizioz artzaina izan da aita bezala. 1976an ezkondu zen Marie-Michèle Bethart urepeldarrarekin eta hiru alaba ukan dituzte.

Bertsolaritzan aritu izan da bertsolari eta gai-emaile gisara ere. Hazparnen kantatu zuen lehen aldikotz 1967an Fernando Aire 'Xalbador', Mattin Treku, Jon Lopategi eta Txomin Ezpondarekin. Bat-bateko sariketa eta xapelketa askotan parte hartu izan du, batez ere Nafarroako txapelketan (17 aldiz 1980-1996 bitartean), eta Xilaban 2008 eta 2010 urteetan. Bertsu jarriak ere idatzi izan ditu trumilka, eta "Ameriketan bakarrik" bertsua sariztatua izan zen 1969. urtean.

Oso idekia izan da lagunarteari eta ainitz izan dira bere etxolatik pasa diren jendeak. Ohargarria izan da nola bertsulari maitagarri hau gurutzatu izan den beti belaunaldi gazteekin.

Azken agurra, Urepelen

Beilatokia Baigorrin izango da bihar [urtarrilak 15] arratsaldetik ostiralera arte. Ehorzketa, berriz, larunbatean izango da, 11:00etan, Urepelen.

Ez adiorik, Mixel!

 2016ko Xilaban, sari-emate ekitaldian.

Argazkia: Xenpelar Dokumentazio Zentroa

Argazkia: Gari Garaialde, XDZ

Argazkia: Alberto Elosegi, XDZ

Argazkia: Alberto Elosegi, XDZ