Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Mari Luixa Erdozioren izena eman diote Azkaingo haur parke bati

2024/09/16
Azkainen sortua, bat-bateko bertsolaria izan zen Erdozio.

1846. urtean sortu zen, lanbidez laboraria izan zen Azkaineko "Patinenia" etxaldean eta 13 haurren ama. Ahozko transmisioari esker, bertsoak ez zuen etenik izan Mari Luixaren inguru hurbilean. Bi aldiz irabazle izan zen Antton Abadiak antolatutako Lore Jokoetako bat-bateko sariketetan. Emazteak espazio publikoan kantatzea debekaturik zegoen garai batean, Erdozio bertsotan aritu zen halere.

"Emazteak plazarat" ekimenaren baitan, Azkaingo herriko etxeko berdintasun batzordeak omenaldi ibiltaria antolatu zuen herrian zehar. Maddi Ane Txoperena bertsolaria aritu zen kantuan eta hala kantatu zion Mari Luixari: "oraindik ere ez pentsa ez da hain gurea oholtza, oraindik ere ditugu beldurra mina ta lotsa, hortaz eskertu nahi dizut gaur dezakedala goza, zuri eskerrak baitaukat nik ere hemen ahotsa".