Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Larunbatean ospatu zen Senpereko "Larraldean" Bertsularien Lagunak elkartearen urteroko Biltzar Nagusia

2019/02/18
2018an transmisioan eta sustapenean egin lanaren bilanak eta 2019rako egitasmoak aurkeztu ziren. Bertara hurbildurikoek 2018ko diru kontuak eta 2019ko aitzinkontua aho batez onartu zituzten.

Bertan bildu ziren, bertsulariak, bertsuzaleak eta erakunde ezberdinetako ordezkariak, bertzeak bertze: Euskararen Erakunde Publikoa, eta Euskal Kultur Erakundea.

2018ko datuak aztertuz, Xiberoan, Baxenabarren eta Lapurdin bertsularitzaren jarduna emendatuz joan dela azpimarratu zen, bai ikastoletan, gela elebidunetan, eta baita ere bertsu eskoletan. 2019-2020 ikasturterako lantaldean moldaketak izanen direla agertu zuten: Transmisio eragile bat izanen da lanaldi erdiz, bi erakasle lanaldi osoz eta beste bi erakasle lanaldi erdiz. Horretarako lanaldi erdi bateko erakasle batentzat deialdia zabalduko da.

2018. urtean Sustapenean orain arte antolatzen diren ekimenak indartzen ahalegin berezi bat eginen dela, eta horretarako Sustapen taldea indartu dela azpimarratu zen. Ekimen ezberdinen berri eman zen:

Hernandorena Bertso Sariketaren inguruko informazioa eman zen, eta oso ondorio onak jaso direla agertu zen. 2019an pausa eginen dela eta sariketa hau ez dela ospatuko 2020. urterarte erran zuten.

Lehen aldiz Taldekako XILABA ospatu zela eta afera horren inguruko xehetasunak agertu ziren: guztira 14 saio, 50 bat lagun partehartzaile gisan, hainbat leku ezberdinetara iritsiz, eta bertsularitzara publiko ezberdina hurbildu araziz. Xapelketa hunek, helduen bertsu eskolak aktibatzeko ere balio izan duela aipatu zen. Baita ere Sustapenean orain arte antolatzen diren aktibitateari buruz egiten ari den gogoetarekin jarraitu dela erran zen. Hori horrela, 2019an Sustapen taldea indartzen jarraitu, eta Sustapen eragile batentzat lanaldi erdi bat sortuko dela informatu zen. Eta segida emateko, Taldekako XILABA xapelketa berriro udazkenean antolatuko dela agertu zen, horretarako sustapenetik jadanik lanean hasiak direla erran zuten.

Baliabide ekonomikoei dagokionez, azken urteetan lortutako hitzarmenak egonkortu direla eta 2019an Bertsularien Lagunak elkartea saiatuko dela hitzarmen berriak sinatzen, bereziki Euskal Hirigune Elkargoarekin. Jadanik haiekin harremanetan girela agertu zuen diruzainak. 

David Airek, Euskararen Erakunde Publikoaren izenean hartu zuen hitza. Barne antolakuntzan ari direla eta zertan diren agertu zuen, eta EEPtik transmisioa laguntzen jarraitzeko engaiamendua berretsi zuen. Ondoren Maite Deliartek, Euskal Kultur Erakundearen izenean, Bertsularien Lagunak elkartearen lana goraipatu zuen, eta BLagunak elkarteak bertsularitzaren sustapenean Hiru Lurraldeetan duen erreferentzialtasuna azpimarratu. EKEtik sustapenean laguntzen jarraitzeko engaiamendua ere berretsi zuen. 

Euskal Herriko Bertsozale Elkartetik, Miren Artetxek lehendakaritzaren izenean esker oneko hitzak ukan zituen, bereziki proiektua gauzatzeko lanean ari direnentzat.

Aitor Sarasua  gogoan eta hari txaloka , umore onean, talde argazkia eta aperitifarekin bukatu zen Biltzar Nagusia.

BN