Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Larunbatean ospatu zen Senpereko "Larraldean" Bertsularien Lagunak elkartearen urteroko Biltzar Nagusia

2018/02/19
2017an transmisioan eta sustapenean egin lanaren bilanak eta 2018rako egitasmoak aurkeztu ziren. Bertara hurbildurikoek 2017ko diru kontuak eta 2018ko aitzinkontua aho batez onartu zituzten, baita ere Zuzendaritzan sartzeko kideen proposamena. Han bildu ziren, bertsulariak, bertsuzaleak eta erakunde ezberdinetako ordezkariak, bertzeak bertze: Euskararen Erakunde Publikoa, Euskal Hirigune Elkargoa, Euskal Kultur Erakundea, Pirineo Atlantikoetako Kontseilu Orokorra, Seaska, eta Sarako Herriko Etxea.

2017ko datuak aztertuz, Xiberoan, Baxenabarren eta Lapurdin bertsularitzaren jarduna emendatuz joan dela azpimarratu zuten, bai ikastoletan, gela elebidunetan, eta baita ere bertsu eskoletan. Hedapen horretan, aipamen berezia egin zitzaion erakasleen lan taldea handitzeari.

2017. urtean Sustapenean orain arte antolatzen diren ekimenak indartzen ahalegin berezi bat eginen dela azpimarratu zen. Ekimenen berri eman zen: Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako hiru saio ospatu zirela gure eremuan. Hernandorena Bertso Sariketa antolatu zela gazteak haien eskutan harturik antolaketa, eta oso ondorio onak jaso direla, horregaitik 2018an ere ildo berdinetik antolatuko dela Sariketa.  Txomin Espondaren omenaldian antolatzen lagundu zela. Bertso korrikan parte hartu zela. 25 bat bertsu saio antolatzen lagundu zirela, eta 2018an ere bide hortatik jarraituko dela. Helduen bertsu eskolak bultzatzen hasiak garela eta hortan indar gehiago jartzeko asmoa agertu zen. Larraldea Saria Bertsupaper Lehiaketa,1609 elkartearekin batera antolatu zela, eta 2018an ere antolatzeko asmoa dela agertu zen. Baita ere Sustapenean orain arte antolatzen diren aktibitateari buruz egiten ari den gogoetarekin jarraitu dela erran zen. Hori horrela, 2018an Sustapen taldea indartuko dela, eta XILABA xapelketaren formatua aldatuko dela, eta taldekako XILABA xapelketa antolatuko dela udazkenean agertu zen.

Baliabide ekonomikoei dagokionez, azken urteetan lortutako hitzarmenak egonkortu direla eta 2018an Bertsularien Lagunak elkartea saiatuko dela hitzarmen berriak sinatzen, bereziki bertsu eskolak sosaz laguntzeko, agertu zuen diruzainak. 

Pantxoa Etchegoinek, Euskal Kultur Erakundearen izenean, Bertsularien Lagunak elkartearen lana goraipatu zuen, eta Bertsularien Lagunak elkarteak bertsularitzaren sustapenean Hiru Lurraldeetan duen erreferentzialtasuna azpimarratu. EKEtik sustapenean laguntzen jarraitzeko engaiamendua ere berretsi zuen. Ondoren, Peio Labeyriek Euskararen Erakunde Publikoaren izenean hartu zuen hitza. Baita ere, bertan izan ziren Germaine Hacalak Euskal Hirigune Elkargoaren ordezkaria, Bénédicte Luberriagak Pirineo Atlantikoetako Kontseilu Orokorraren ordezkaria, eta  Mixel Urbiztondok Sarako Herriko Etxearen izenean hartu zuten hitza.

Euskal Herriko Bertsozale Elkartetik, Iñaki Murua lehendakariak esker oneko hitzak ukan zituen, bereziki, proiektua gauzatzeko lanean ari direnentzat.

Umore onean, talde argazkia eta aperitifarekin bukatu zen Biltzar Nagusia.