Larunbatean ospatu zen Senpereko "Larraldean" Bertsularien Lagunak elkartearen urteroko Biltzar Nagusia
2016ko datuak aztertuz, Xiberoan, Baxenabarren eta Lapurdin bertsularitzaren jarduna emendatuz joan dela azpimarratu zuten, bai ikastoletan, gela elebidunetan, eta baita ere bertsu-eskoletan. Hedapen horretan, aipamen berezia egin zitzaion erakasleen lan emankorrari.
2016. urtean ospatu zen XILABA V. Bertsulari Xapelketaren berri eman zen, eta 2017. urteari begira Sustapenean orain arte antolatzen diren ekimenak indartzen ahalegin berezi bat eginen dela azpimarratu zen. Baita ere Sustapenean orain arte antolatzen diren aktibitateari buruz egiten ari den gogoetarekin jarraituko dela erran zen. Sustapen taldea indartuko dela, eta berriro ere taldekako xapelketa bat antolatzen saiakera bat eginen dela agertu zen.
Baliabide ekonomikoei dagokionez, azken urteetan lortutako hitzarmenak egonkortu direla eta 2017an Bertsularien Lagunak elkartea saiatuko dela hitzarmen berriak sinatzen, bereziki bertsu-eskolak sosaz laguntzeko agertu zuen diruzainak.
Maite Deliartek, Euskal Kultur Erakundearen izenean, Bertsularien Lagunak elkartearen lana goraipatu zuen, eta BL-k bertsularitzaren sustapenean Hiru Lurraldeetan duen erreferentzialtasuna azpimarratu. EKEtik sustapenean laguntzen jarraitzeko engaiamendua ere berretsi zuen. Ondoren, David Airek eta Peio Labeyriek Euskararen Erakunde Publikoaren izenean hartu zuen hitza. Baita ere Lierni Elorzak Seaskaren izenean hitz batzuk erran zituen.
Euskal Herriko Elkartetik Iñaki Murua lehendakariak esker oneko hitzak ukan zituen, bereziki, proiektua gauzatzeko lanean ari direnentzat.
Azkenik, Joana Itzaina Bertsuarien Lagunak elkarteko lehendakariak, egunerokoan bertsutan ari diren guziak eskertuz, eta bertan zirenei talde argazkia ateratzera eta aperitifara gomitatuz, bukatu zen Biltzar Nagusia.