Larunbatean ospatu zen Larraldean Bertsularien Lagunak elkartearen urteroko Biltzar Nagusia
2015eko datuak aztertuz, Xiberoan, Baxenabarren eta Lapurdin bertsularitzaren jarduna emendatuz joan dela azpimarratu zuten, bai ikastola eta gela elebidunetan, bai bertsu-eskoletan, baita beste elkarteek antolatzen dituzten saio kopuruari begiratzen zaionean ere. Hedapen horretan, aipamen berezia egin zitzaion erakasleen lan emankorrari.
2014. urteko XILABA xapelketaren balorazio bilkuran, Sustapenean orain arte antolatzen diren aktibitateari buruz gogoeta egitea erabaki zen. Horretarako talde bat osatu zen eta 2015. urtea gogoeta urtea izan da. Gogoeta horrekin 2016. urtean jarraituko dela, eta Sustapenerako Plan Estrategiko bat aurkeztea dela helburua agertu zen.
Gogoratu zen baita ere, 2016. urtean V. XILABA Bertsulari Xapelketa ospatuko dela, eta horretarako antolatzaile taldea lanean hasia dela.
Baliabide ekonomikoei dagokionez, erran zuten BL elkartea ari dela iturri berriak lortzen, adibidea 2015ean Hego Lapurdiko Hirigunearekin sinatutako hitzarmena eta bertatik bertsu-eskolak sosaz laguntzen hasiak direla.
Maite Deliartek, Euskal Kultur Erakundearen izenean, Bertsularien Lagunak elkartearen lana goraipatu zuen, eta BL-k bertsularitzaren sustapenean Hiru Lurraldeetan duen erreferentzialtasuna azpimarratu. EKEtik sustapenean laguntzen jarraitzeko engaiamendua ere berretsi zuen. Ondoren, Michel Ibarlucia Ainhoako auzapezak Hego Lapurdiko Hirigunearen izenean hartu zuen hitza.
Euskal Herriko Elkartetik Iñaki Murua lehendakariak esker oneko hitzak ukan zituen, bereziki, proiektua gauzatzeko lanean ari direnentzat.
Azkenik, Joana Itzaina BL elkarteko lehendakariak, egunerokoan bertsutan ari diren guziak eskertuz, eta bertan zirenei talde argazkia ateratzera eta aperitifara gomitatuz, bukatu zen Biltzar Nagusia.