Johnny Kurutxet hil da

2024/11/27
78 urterekin zendu da Eztenzubi eta AEBetako bertsolaria.

Euskal diasporako bertsolari nabarmenetako bat, Johnny Kurutxet, zendu da, 78 urterekin. Jaiotzez, Jean Kurutxet, San Frantziskon jaio zen, jatorria Eztenzubikoa badu ere: are, hazi ere bertan egin zen, bi urterekin itzuli baitzen familia Euskal Herrira, eta bertan bizi izan zen 19 urte bete arte. AEBetara itzuli ondoren, euskara eta euskal kultura bultzatzen jardun nekaezina egin du, baita bertsolaritzaren alde ere: hamarkada aritu izan da bertsotan bertako jaialdietan, eta 1988ko Gardnerville (Nevada) lehenengoz egin zen Bertsolari Txapelketan ere parte hartu zuen.

Bere bertsolaritza ibilbide luzean, hamaika jaialditan parte hartu du, baita Euskal Herrira egindako bisitetan ere. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko egoitzan ere egin zuen bertsotan, Diasporatik izeneko bertso jaialdian. Aurten ere parte hartu du diasporako bertso saioetan; azkena, San Frantziskon

Euskal diasporako aurpegi ezagunenetako bat, elkarte askotan parte hartu izan du, baita lehendakaritza karguak hartu ere. Bere lanari aitortza egin zioten 2003an, National Endowment for the Arts sari nazionala eman zioten, bat-batean diskurtso bat asmatzeko artea AEBetan ere gordetzen egindako ahaleginagatik.