Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Hirugarren asteburua Taldekako Xilaban aitzina

2019/10/07
Pasa den asteburuan, Aldudeko Alfaro ostatuan eta Pausuko Xaia ostatuan jokatu ziren Taldekako Xilaba Xapelketako ligaxken hirugarren asteburuko saioak.

Iragan larunbatean, Aldudeko Alfaro ostatua mukuru beterik agertu zen. HASTA LA 2TORIA eta KONTRABANDA taldeak ziren parez pare, eta elkarren parodiatzeko Spice Girlsen eta Lady Gagaren doinu erritmodunak baliatu. Saio borobila atera zitzaien eta kronika hau idazten ari naizela biziki zail gertatu zait bertsoaldiak hautatzea. Umorez beteriko saioa izan zen Aldudeko hau, gai seriorik izan bazen ere. Bakarkako gaiekin izan zen kontraste handiena. Aspalditik maitemindurik izanik, lehen aldiz aukera bat zuela sentitu zuen Elixabet Etxandik. Amak betitik erran dio, ustea da erdi ustela dela eta bigarren bertsoan indignaturik erantzun zion mutilak "neska bat izan behar da bere lekuan umila... / aurpegira bota diot izotza eta tekila / esperantzak banituen ene bihotzean mila / aurpegira bota diot... maitasunean busti naiz, ho(r)ai bera busti dadila". Irriz eta txaloz lehertu zen gela. Maddalen Arzallusek 25 urte daramatza preso eta 3 aldiz ukatu diote baldintzapeko askatasuna. Laugarren arrapostuaren beha da. Presoaren egunerokoa aipatu zuen, lagun eta senideen joan jinak aipatuz eta gisa honetan finitu zuen lehen bertsoa: "behingoagatik nik nahiko nuke gela hontatik atera / lehenengo aldiz joan nahi baitut nere ama ikustera". Gerra batean sartu zenari "Aldiro kate berriak jartzen badizkiote ere berriz ezetza jasotzen badut, lasai zaizte ez naiz hilko / egun batean aterako naiz ta izanen da betiko" ez zuen txalo gutiago jaso Maddalenek. Gaualdi bukaeran, HASTA LA 2TORIA atera zen garaile final aitzinekorako sailkatzen den lehen taldea bilakatuz.

Xaian BARÇA eta EZ OTOI PENTSA taldeek zuten hitzordua. Afalondoko saio goxoa izan genuen hau ere eta, gorabeherak gorabehera, jendea pozik utzi zuten bertsolariek. Agurrak beti bezala etxean ongi landuak zirela agerian gelditu zen, eta lan bat bereziki aipatzekotan hamarreko ttikiko lana aipa genezake. Hendaiako ikastolako bi guraso dira baina bi helburu desberdinekin eskolatu zituzten haurrak. Maddi Ane Txoperenak frantsesa ikasteko eta Bixente Hirigaraik euskaraz ikas dezan. Lehenak "euskara etxetik zeramala" erranik "Hendaian frantsesik ez dela ikasten ahal" erantzun zion Bixentek. Bukatzeko "Seaskak egin dezakeen bakarra euskaran eta frantsesean indarra ematea dela" entzun behar izan zuen BARÇA taldekoak eta honek errefera "gero frantsesez soilik mintzo direla plenituko direla" zehaztuz eman zuen. Eta horrela, txalo artean joan zen saioa. Azkenean EZ OTOI PENTSAk garaitu zuen BARÇA taldea, sailkatzeko aukera gabe utziz.

 Agurrak:

 Bideo gehiago ikusi nahi izanez gero, sakatu hemen.

Hurrengoak, Amenduzen eta Azkaunen

Datorren asteburuan, ligaxken beste bi saio ospatuko dira. Biak bertsu afari formatuan.

Urriaren 11an, Amenduzeko Eiheran 19:00etan: ESKUKULA eta 4KOPLAZARA aurrez aurre.

Urriaren 12an, Azkaingo Xoko Ona ostatuan 19:00etan: EKAINAZ eta KONTRABANDA izanen dira lehian.

Zato zu ere zure lagun, ezagun edo herrikideak sustengatzera, irri egitera eta txaloak jotzera... zu gabe ez baitira deus!

Taldekako XILABA 4. asteburua