Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Haizea Dator ekimena abian da!

2019/10/08
Lapurdi, Baxenabarre, eta Xiberoko bertsolari gazteei plazak eskaintzeko sortutako Haizea Dator ekimena abiatu da. Joan den ostiralean izan zen lehen saioa Muskildin.

Haizea dator, Bertsularien Lagunak elkarteko transmisio lantaldeak sortutako ekimena da. Ekimen honek Lapurdi, Baxenabarre, eta Xiberoko bertso eskoletako ikasleei eta jadanik bertso eskolatik atera diren bertsolari gazteei bertso saioetan kantatzeko aukera ematea du helburu. Horretarako, hiru lurraldeetan gaindi dauden bertso eskola desberdinek bertso saioak antolatuko dituzte beraien herrietan eta bertsolari gazteek kantatuko dute saio horietan. Haizea dator ekimenak Lizeoko eta bertso eskolatik pasatako bertsolari gazteei kantuan aritzeko plazak eskaintzeaz gain, lurralde osoan eragiteko asmoa du, bertsozaletasuna sustatuz, jendea elkartera hurbilaraziz, haurrak antolatzaile aktibo bilakatuz eta zirkuitu berri bat sortuz. Orotara 8 saio antolatuko dira hiru lurraldeetan gaindi.

Urriaren 4ean, Muskildin iragan zen lehen saioa eta biziki harrera ona izan zuen. Guraso eta bertsozale desberdinak hurbildu ziren bertso saioaz eta ondorengo aperitifaz gozatzeko asmoz. Kantuan Maddi Ane Txoperena, Aitor Servier, Oneka Arteaga, Aetz Etxart, Xabi Negueloua eta Naia Etxeberri Larzabal aritu ziren. Biziki saio polita eskaini zieten bertaratutakoei eta denek biziki baikorki baloratu zuen ekimena.

Haizea Dator

Hurrengo saioen egutegia ondoko hau izanen da:

-Azaroak 8, Senpere (Larraldea baserrian)

-Abenduak 6, Hendaia (Baleak elkartean)

-Urtarrilak 10, Itsasu (Goxoki gaztetxean)

-Otsailak 6, Baiona (Kalostrape ostatuan)

-Martxoak 13, Azkaine (Xoko Ona ostatuan)

-Apirilak 3, Urruña (Berttoli elkartean)

-Maiatzak 15, Baigorri (Basaizea elkartean)