Haira Aizpurua Ibargarai gailendu zen Hernandorena Gazte Sariketako lehen kanporaketan
Itxura ederra hartu zuen Larzabaleko Espelletenia ostatuko gelak. 30 entzule pasa jin zen bertsoaz gozatzera eta ez zen damuturik joan. Umorerik ez zen eskas izan eta gazteek maila ederra dutela agerian utzi zuten. Ororen buru Haira Aizpurua Ibargaraik irabazi zuen saioa eta Unai Anda Delikak hartu zuen bigarren tokia, finaleko txartela irabaziz. Finalean bi kanporaketetako bi lehen sailkatuak sartuko dira eta ondoko biak puntuaketaren arabera. Ondoko kanporaketa Mauleko Zinka Ostatuan izanen da heldu den apirilaren 23an, 19:00etan. Bertsolariak Irati Alcantarilla Urdanpilleta, Josu Txoperena Iribarren, Ekain Alegre Gil, Maider Altuna Urbina, Ekhiñe Zapiain Arlegi eta Irune Basagoiti Agirre izanen dira.
Hara nola gelditu zen lehen kanporaketako sailkapena:
- Haira Aizpurua Ibargarai: 118.5
- Unai Anda Delika: 115
- Julene Iturbe Epelde: 114.5
- Irantzu Idoate Funosas: 112
- Haizea Arana Cardenal: 110.5
- Beñat Astiz Isasi: 102.5