Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre

Elixabet Etxandi Goienetxe xapelduna Xibero, Lapurdi, eta Baxenabarreko Gazteen Xapelgoan

2017/05/20
Xibero, Lapurdi, eta Baxenabarreko eskolartekoen Xapelgoa ospatu da Hazparnen, Bertsu Eskolen Egunaren baitan.

Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoko Bertsu Eskolen Eguna ospatu da Hazparneko Haritz Barne zineman, eta bertan gazteen mailako eskolarteko Xapelgoa ere jokatu da.

Bertsu Eskolen Eguna haurrak

Goizean, Lapurdi, Baxenabarre eta Xiberoko gazteen mailako eskolarteko Xapelgoaren kanporaketak jokatu dira, eta 12 gaztek hartu dute parte. Hauetatik 4 pasa dira bazkal ondoren ospatu den Finalera. Gaiak ematen goizean bertsu eskoletako haurrak ibili dira, eta arratsaldean Xan Alkhat. Xapelgoaren ariketa ezberdinen tartean, hainbat bertsu eskoletako haurrek beren oholtzako lana egin dute besta giroan Maddalen Arzallus eta Aimar Karrikaren eskutik. Biziki polita izan da bertsu eskoletako erakasleek, haurrek eta haien senitartekoak Hazparneko Harits Barne zineman pasa duten goiza.

Eskolartekoa Taldea

Bazkal ondoren jokatu da Xapelgoaren Finala, eta Izpurako Elixabet Etxandi Goienetxek jantzi du xapela, Odei Barrosoren eskutik. Elixabetekin batean finalean aritu dira: Julene Etxeberri Pacheco (Sara), Oier Urreizti Lafitte(Bidarrai), eta Haitz Capot Thornary (Zalgize). Lapurditik, Julene Etxeberrikin batean, Irati Alcantarilla, Baxenabarretik Elixabet Etxandi, eta Oier Urreizti,eta Xiberotik Haritz Capot, ekainaren 10ean Saran ospatuko den Euskal Herriko finalean izango dira.