2019ko Taldekako Xilabako final aitzineko arrakastatsuak
Arrakasta hitzarekin laburbil genezake 2019ko Taldekako Xilabako final aitzinekoak. Baionako Zizpa gaztetxera hurbildu zen jende kopuruak aulkiak gehitzera behartu gintuen eta, hala ere, ikusle batzuek saioa zutik segitu behar izan zuten. Hastapen hastapenetik taldekako honetako ildoa izan den umorea nagusitu zen. 4koplasarak, Korrikako edizio desberdinetako kantuen doinuetan oinarriturik, bertsolari bakoitzaren ibilbidea aurkeztu zuen, lekuko bat eskuz esku eramaten zuten bitartean. Agurra finitzerako "Xilabaren" lekuko barnean zen eta bertsoz zetorren mezuak honen ibilbidea aipatu zuen: "lekuko honek zenbat ostatu, plaza gaztetxe ta kale / xilaba denek osatzen dugu bertsulari bertsuzale / baina bertsoa ez da joko huts baizik ta arnas seinale / iraganetik datorkiguna geroaren iragarle / bide luzetan izan dadila herri baten eramale". Txalo zaparrada artean eseri ziren Amets Arzallus, Ellande Alfaro eta Laida eta Julene Etxeberri ahizpak.
Hasta La 2toria taldea osatzen duten Lur Renteriak, Maddi Sarasuak, Elixabet Etxandik eta ariketa puntuagarrietan orain arte kantatu ez duen Hodei Renteriak aurten sailkapen fasean joandako Xilabakideak izan zituzten gogoan. Guziak serora mozorroa jantzirik, ordura arte Xilaban "erori" diren taldeen aldeko otoitza irudikatu zuten, omiasaindu eguna zela oroituz. Taldeak eta hauetako kide karismatikoak ikusmiran jarririk, hitz jokoz eta trufa sanoz beteriko agurra eskaini ziguten. "Zoazte jaunaren bakean... Bakean?" memento horretan mozorroa kendu eta Hodeik azpian Ernesto Che Guevararen irudia zuen jantzirik eta gisa honetan finitu zuten aho batez: "eskerrak Che Guevarari". Hauendako ere txaloaldi ederra izan zen.
Ariketa guziek eman zuten gozatzeko parada baina gela irriz lehertu zen Itsuarena deituriko ariketarekin. Laida Etxeberrik hitz bat asmatu behar zuen haren taldekideen laguntzarekin baina, ezin atzemanez zela, umore bizia erakutsi zuen. Bakarkako lanek, usaian bezala, dizdira berezia izan zuten. Amaiur Lujanbiok gai hau jarri zien Ametsi eta Maddiri: "Baionako gaztetxean gaua iragan ondotik Diakite harrera elkartera zoaz gosaria prestatzera". Balantzaka elkarteko ateraino hurbilduz: "ni gaztetxetik ta hauek auskalo nondik datozen honaino / zenbat desertu eta itsaso sasi beltz eta behe laino / hauen bidea zailagoa da ene bestondoa baino" erranez abiatu zuen ariketa Ametsek. Ibilbidean harrapariek eta poliziak "biluzten" dituzten horiek duintasuna erakusten dutela azpimarratuz, "Ni harritzen naiz zerbait eman ta nola eskertzen zaituzten / Zuk gauza guti emanagatik zenbat dizuten itzultzen" ohartarazi zuen bigarrenean. Eta hirugarrenean, bide gogorra bakarrik egin ondoan etxean senide eta lagunak utzi dituztela... "Tori Mamadou ta Fatima ta kafea hau kea airean / Zoaz ba bide trabatu hortan bai baina amets librean / hartu bixkotx hau ez adiorik eta xantza on bidean". Elixabetek bere aldetik festa ondotik ongia nahian tartina batzuk egitera doala, asko sistema honetan eroria dela zehaztuta "ta tartina hau batzuentzat da eguneroko ogia" aipatu zuen lehenik. Mohamedek bere istorioa kontatzen dionean negarrez hasi denaren paperetik "eta halere gu errrutinaz ari gira hemen mintzen / baina nolatan segitzen dugu gure biziez plenitzen?" galdeginez segitu eta gosaltzera haren etxera gonbidatuz bukatu zuen Elixabetek bertsoaldia. Azkenerako Hasta la 2toria atera zen garaile eta Izturitzeko finalerako sailkatu.
Biharamunean, Müskildin, saio orekatuagoa joan zela erran genezake, biziki bertsoaldi guti "erori" baitzen. Laurogei bat lagun bildu zen Epherra ikastolak prestatu zuen afariaz profitatzera eta ederki jan ondoren saioaz gozatu ahal izan zuten. Oso agur desberdinak ekarri zituzten Ez Otoi Pentsa eta UrruñaGo taldeek. Lehenak, Maddi Ane eta Josu Txoperena anai-arrebek eta Miren Artetxek, Amy Winehousen rola hartzea erabaki zuten. Maddi Ane Amy zen bitartean, Miren deabruak eta Josu Aingeruak kontzientzia lanak egin zituzten. Amyren off ahotsak kantatzeko gogo gutxi agertu zuen eta haren aingeru Josuk Berttolin gau hartan parean zuen talde beraren aurka nola galdu zuen oroitu zuen, baina irabazteko helburua argiki adierazi zuen; deabruak, berriz, ongi kantatzearekin konformatuko zela azaldu, eta Urruñagokoak izendatuz hauen aldetik zerk beldurtzen zuen zehaztu zuen. Bukatzeko hiruek Winehousen Rehab kantu ezagunarekin txapelaren xerka joan zirela gora kantatu zuten: "xapeletik urrun bagira zuek urrunago go go / zuek onak zizte baina gu gehiago go go! / txapela jadanik guri begira dago go go!" izan zen haien mezua.
UrruñaGo taldeak berriz Xiberua hartu zuen gaitzat, honi buruzko estereotipoak gezurra direla erakutsiko zutela adieraziz hasi ziren Iker Altuna, Odei Barroso, Kerman Diaz eta Ortzi Idoate kantuan. Ondotik, bakoitzak xiberuaren edo xiberutarren ezaugarri bat hartu zuen. Ikerrek Ü eta H hainbeste ahoskatzen dituzten horiekin Lapurdiko jendeak ezin ulertua agertu ohi duela salatu eta “ezin da nehor ongi ezagutu elkar interesatu ezean” aldarrikatu zuen. Odeik Xiberua zein urrun den pentsatu ohi dela aipatuz, batzuek bidaia luzeak hurbiltzat dituztela adieraziz, hola bukatu zuen bertsoa: "Baina halere Müskildiraino jin ta ohartu naiz egun / ezer ez dela hain hurbil eta ezer ez dela hain urrun". Kermanek paisaiak izan zituen aipagai. Xiberuako herrien deskribaketa egin zuen, "artaldeak lasai lasai pentze ederretan barrena / zerbaitengatik da bazter guzietako xokorik eijerrena" kantatuz finitzeko. Ortzik berriz Ekialde kantua doinu gisa harturik xiberutarren kantaera goraipatu nahi izan zuen gora kantatuz, "lortu nahian zuen maila". "Xiberutarra dugu herri kantaria / bi botzetan ematen du emanaldia / [tonu gora] haren entzule izateraino Bulgaria" umoretik hartu zuen agurraren azkeneko partean.
Azkenik denek batera "Horra düzü Ez Otoi Pentsa partitzeko tenoria" abestuz bukatu zuten, baina ez zen hauen iragarpena bete eta Hendaiako taldea gailendu zitzaien larunbateko saioan. Aipatzekoa, saio horiek osoki ikusteko gogoa duen orok Kanalduderen webgunean atzeman ditzakeela, hauek bertan izan baitziren dena grabatzen.
Agurrak:
Bideo gehiago ikusi nahi izanez gero, sakatu hemen.
Ondorioz, hainbeste saioren ondotik, Izturitzen azaroaren 16an Hasta La 2toria eta Ez Otoi Pentsa taldeak izanen dira elkarren taula lagun. Eguerdian bazkaria izanen da, eta saioa 16:30ean hasiko da ttanko. Txartelak Baionako Elkar dendan, Hazparneko Xuriatea ostatuan eta Garaziko Irulegiko Irratian izanen dira salgai. Erreserbatzeko Bertsularien Lagunak elkartera ere deitzen ahalko da, 05 59 54 15 04 zenbakira.