BDB: Bertsolaritzaren datu-basea

Etengabe garatuz doan datu-basea da BDB: biografiak, doinutegia, liburutegia, agenda... hainbat dira Xenpelar Dokumentazio Zentroak kudeatzen duen atarian topa daitezkeen datuak.

2007 urteaz geroztik, bere edukiak Interneten zabaltzeko datu-basea eraikia du Xenpelar Dokumentazio Zentroak, eta dagoneko eduki ugariren informazioa aurki daiteke bertan. Etengabe hobetuz eta garatuz doan ataria da BDB bertsolaritzaren datu-basea eta, besteak beste, liburutegia kontsultatu, agenda begiratu edota bertsoaldiak entzun eta irakur daitezke, bertsolarien biografiak eta ekitaldien inguruko informazioa eskuratzeaz gainera.

Ezagutu gehiago:

  • Biografiak, Haitzondo proiektua. Bertsolaritzan inoiz era batera edo bestera partaide diren edota izan diren pertsonen biografiak topa daitezke. Bertsolaritzaren inguruan dabiltzan pertsonen berri emateko erabiltzen da, bi mailatan:
      1. Interneten publiko egingo den informazio orokorra: bertsozaleek, bertso-saio antolatzaileek edo hedabideek eskatzen dituzten pertsonei buruzko galderei erantzuteko.
      2. Xenpelar Dokumentazio Zentroaren bidez kudeatuko duen informazio biografikoa: bertsolaritzaren ezaugarri eta bilakaerari buruzko ikerketa eta lanak gauzatu ahal izateko erabiliko da, datu hauen erabilpen duina ziurtatuz.

       Biografiako informazioa eguneratu nahi dut. Zer egin?

BDB-biografiak: Xenpelar

  • Doinutegia. 3.000 doinu baino gehiago topatuko dituzu, eta bilaketa errazteko baliabideak eskainiko zaizkizu. Datu base hau 1995ean Bertsozale Elkarteak argitaratu zuen Joanito Dorronsorok urteetan bildu eta sailkatutako Bertso Doinutegiaren eguneraketa da.
  • Liburutegia. Bertsolaritzaren, kantu inprobisatuaren eta ahozkotasunaren inguruko dokumentuak topatu nahian bazabiltza, hemen 7.000 erreferentzia baino gehiago topatuko dituzu.
  • Bertsoak, agenda, hemeroteka... ere bai!

Eta gainera...

Bertsolaritzaren ekosistema ezagutzeko aukera eskaintzen duen Bertsolaritzaren Mapara sar zaitezke BDBren bitartez. Bertsolaritza sustatzen ari diren bertso-eskoletako kideek eta herrietako eragileek erabiltzeko garatu da bertsolaritzaren mapa, beren herriko edo bailarako egoeraren irakurketak egin ahal izateko eta non eragin jakiteko.

Herriz herri, bertsolaritzaren egoera zein den aztertzeko datuak eskaintzen ditu mapa honek. Bilaketa ezberdinen bitartez, aztertu nahi den zonaldean bertso-eskolarik baden jakin daiteke, bertsolaritza irakasten den, ikastetxerik ba ote den, zeintzuk diren bertsolaritzan ari diren eragile ezberdinak, urtean zenbat saio eta zein motatakoak antolatzen diren...

Bestalde, bertso-eskolen sarea ezagutzeko atarira lotura du BDBk, www.bertso-eskolak.eus gunera, eta bere baitan du bertsoak osatzeko lagungarria den arbel digitala delakoa ere, Euskal Herriko Unibertsitateko Ixa ikerkuntza taldearekin garatua.

Gainera, munduko kantu inprobisatuak ezagutzeko aukera eskaintzen duen Kulturartea Mapa ere eskura duzu.