Plaza Biziberritzen
Bat-batean kantuan aritzera ohituak, baina ez bat-bateko etenera. 2020ko martxoan, bertso plaza kolpetik gelditu zen COVID-19aren pandemiaren ondorioz. Urteak aurrera egin ahala, egoera bera zein arauak aldatzen joan dira, eta sasoi bakoitzean itxura bat edo beste hartu du plazak: une batean ere ez lehen zeukana, ordea. Ondorioz, Bertsozale Elkartea bertso plaza indartzen ariko da datozen hilabeteetan.
Bertso plazaren bilakaera 2020an
DATUAK
Kulturgintza, bertsolaritza, zaleak aurrez aurre elkartzetik bizi da neurri handi batean; osasun krisiak kolpetik eten zituen zuzeneko emanaldiak eta bertso plaza martxoan. Pandemia hasi zenetik egoera pixkanaka hobetu bada ere, 700 saio baino gehiago galdu dira 2020an, eta horrek 735.000 euroko galera ekonomikoa ekarri du.
700 saio baino gehiago galdu dira 2020an eta horrek 735.000 euroko galera ekonomikoa ekarri du
Xenpelar Dokumentazio Zentroari esker jaso ohi ditugu bertso saioen inguruko datuak. Horien arabera, 2019an, bertsolaritza ardatz zuten 1.121 ekitaldi egin ziren; 2020a amaitzerako iragarrita daudenak aintzat hartuta, aldiz, 435 egingo zirela aurreikusi zen urtearen hondarrean.
Segurtasun arauen neurrira egokitutako saioak gauzatu ahal izan dituzte antolatzaileek, eta, ondorioz, bertso saio mota jakin batzuengan ondorioak handiagoak izan dira: lagunarteko eta libreko saioak izan dira kaltetuenak eta jaialdiek eutsi diote ondoen egoerari.
Ondorioak behatzeko eta ekintza eremua zehazteko, etengabeko irakurketak egin ditugu elkartetik.
|
NEURRIAK ETA BILAKAERAREN KONTAKIZUNA
Martxotik maiatzera arteko saio guztiak ezerezean geratu ziren, eta bat-bateko online bertso saioak eskaintzen hasi ziren bertsolari batzuk etxetik, musutruk. Bilakaera izan du bertso plazak hilabeteotan, eta horren araberakoa izan da Bertsozale Elkartearen erantzuna ere.
Bertso-eskola edota bertsozale talde bat dagoen herrietan eutsi zaie, bereziki, bertso saioei, eta Bertsozale Elkarteak herriz herriko bertso-eskolen eta antolatzaileen lana balioan jarri nahi du
- Maiatzaren hasieran, oraindik ere zaleak ezin elkartuta, Bertsozale Elkartea eta Lanku Kultur Zerbitzuak, elkarlanean, Amasa-Villabonako Subijana etxean bertso saioak grabatzen hasi ginen, eta antolatzaileei online emisiorako aukera eskaintzen.
- Maiatzaren bukaeran, ikus-entzule gutxi elkartuta egin zitezkeen kultur ekitaldiak. Antolatzen hastea ez zen erabaki erraza. Ekainaren 5ean, bertso saioa antolatu genuen Amasa-Villabonan, segurtasun neurriak hartuta.
- Ekainaren erditik aurrera, tokian tokiko zenbait antolatzaile animatu dira saioak antolatzera. Gailendu den formatua jaialdia izan da, eta beste plaza mota batzuk, otorduak eta plaza libreak, adibidez, nabarmen egin dute behera. Bertso-eskola edota bertsozale talde bat dagoen herrietan eutsi zaie, bereziki, bertso saioei, eta Bertsozale Elkarteak herriz herriko bertso-eskolen eta antolatzaileen lana balioan jarri nahi du. Sagardoa Elkartzen Gaitu ere antolatu da, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearekin eta Musika Bulegoarekin elkarlanean.
Egoera hau izanda, Bertsozale Elkarteak bertso plaza bultzatzen jarri du indarra; antolatzaileei antolatzera animatu ez ezik, Bertsozale Elkarteak berak ere saioak gauzatuz. Udazkenean, adibidez, Chillida Lekurekin elkarlanean eta Euskal Sagardoa eta Getariako Txakolina jatorrizko deituren babesarekin, Bertsoa Sutan emanaldia eskaini genuen.
Suspertze lanetan: Bertso Egunak eta gehiago
Bertso plaza suspertzeko jomuga horrekin antolatu ditugu Bertso Egunak. Hiru antolatu ziren 2021erako (nahiz eta azkenean bi izan diren Ipar Euskal Herrian ezarritako neurrien ondorioz): urtarrilaren 30ean zen egitekoa lehena Hazparnen (Lapurdi) - maiatzaren 22ra atzeratu zen eta azkenean datorren urtera mugitzea erabaki da data zehaztu gabe - ; otsailaren 13an, Iruñean (Nafarroa); eta hirugarrena, martxoaren 27an, Getarian (Gipuzkoa) >>> Informazio gehiago, hemen.
Eskolatik Plazara saioak ere antolatu ditugu: 2020an Euskal Herriko Eskolartekoan ezin arituta, plaza eskaini nahi izan zaie bertan aritu behar zuten bertsolari gazteei: egun plazetan aritzen diren bertsolariekin elkartu ditugu hiru saiotan. Urtarrilaren 29an izan zen lehen saioa Gernika-Lumon; otsailaren 5ean, Iruñean, bigarrena; eta Altzon egin zen handik astebetera hirugarrena >>> Informazio gehiago, hemen.
Gainera, Bidaiak saio esperimentalak, ...Gerturatu Eta Lau saio parte-hartzaileak edota Sagardoak Elkartzen Gaitu ekimenaren gisako elkarlanak gauzatu ditugu eta egiten jarraituko dugu.
Ekimen gehiagoren berri ere emango dizuegu iritsi ahala: pandemiak eragin duen egoera leuntzeko helburuz, herriz herriko bertso-eskolen eta antolatzaileen lana balioan jartzeko eta zaleen gozamenerako, jarduerak antolatzen, sustatzen eta dinamikak laguntzen jarraituko baitugu.