...Gerturatu Eta Lau
Beti esan izan da bertsolaritza taldeko ekintza dela. Baina, zenbateraino aztertu dugu taldetasun hori? Nolakoa litzateke bertsolaritzaren egitura bera feministagoa, kooperatiboagoa eta horizontalagoa balitz? Bertsolaritza elementu askok osatzen dute, eta batzuetan joera izaten dugu elementu horiek era isolatuan aztertzeko. Bertsolaria eta gai-jartzailea. Bertsolaria eta entzulea. Kantatzen dena eta kantatzen duen gorputza. Testua eta kantaera. Muga zurrunak ezarri ordez horiek lausotu eta bertsolaritza beste leku batetik biziko bagenu, ez ote genuke sorkuntzarako leku eta bide berririk aurkituko?
Urrutitik begiratu izan ditugun pieza horien arteko harremana beste modu batean lantzeko ahalegina izan da Gerturatu Eta Lau (GEL). Lau saiotan eta lau ardatzetan egituratu dugu proposamena: kantaera, entzuleen erabakimena, gorputzen arteko harremana eta bertsolarien erabakimena. Horiek izan dira landu ditugun ardatzak.
Tangramaren paradoxak dio pieza berdinekin egitura berdinak eraikita ere, emaitza ezberdina izaten dela. Hari horretatik tiraka: oholtza gaineko botere harremanak berdin eraikitzen al dira kasu guztietan? "Bertso-maila" esaten diogun hori gauza bera al da ahots guztientzat? Praktikaren teoriatik edo, nahi bada, teoriaren praktikatik, saiakera bat egin dugu, porrota ere arrakastatzat jota.
Gauzkaten Eztarri Lerratuak Maiatzak 6, osteguna. Donostia Kantaera. Kantatzeko modua. Ahotsa melodiaz janzterakoan zein dira barruko arropatzat eta galakotzat izendatzeko irizpideak? Kantaeran, ahotsaz gain, zeresan handia dute tonuak, melodiak, posturak, kokalekuak, abiadurak, testuinguruak... Horiek denak indibidualki edota kolektiboki definitzen dira, konszienteki edo inkonszienteki bada ere. Zergatik dauka ariketa bakoitzak tonu eta melodia "egoki" bat? Zerk eta zergatik "funtzionatzen" du non? Kantaerak botere-harremanik eragiten al du? Posible al da bertsolaria "neutroa" izatea, bere kantaeratik aldentzea? Kantaera izan al liteke fisikoa? "Berezko" ezaugarritzat jotakoa agian ez da "berezkotutako" ezaugarria besterik eta zalantzan jartzeko ahalegina gutxienekoa da. |
Gure Esku Legoke Maiatzak 11, asteartea. Bilbo Zenbat erabaki hartu behar dira saio batean? Ohiko saioetan nork erabakitzen du zer? Zer erabaki behar du gai-jartzaileak? Zer bertsolariek? Zer erabaki dezake entzuleak? Saio honetan, saio arruntetan gai-jartzailearen esku egoten diren hainbat erabaki hartu beharko ditu publikoak. |
Gorputzak Esango Luke Maiatzak 18, asteartea. Gasteiz Bertso saio bat baloratzen dugunean, testua baloratzeko joera izaten dugu. Bertsoa ez da testu soila, ordea. Bertsoa testu hori botatzen duen ahotsa da, ahots hori proiektatzen duen gorputza, gorputz horri eragiten dioten oholtza gaineko (bertsolaria eta gai-jartzailea) eta oholtzapeko (entzuleak) gorputzak. Harreman-sare bihurri hori ere bada bertsoa. Elementu horiekin jolas egiteko proposamena da honako hau. |
Gaur Edozertarako Libre Maiatzak 25, asteartea. Zarautz Bertsolariak erabaki dezake zer kantatu. Erabaki dezake gaiari nondik heldu eta unean-unean norantz jo. Baina oholtzan hartzen diren erabakien artean, denak ez ditu kantatuko dituenak hartzen: Egin dezake planto bertsolari batek? Erabaki dezake norekin kantatu? Bertsolariak saio batean dituen harremanak nola egituratzen diren bistaratu nahiko genuke. Zer dator aurrez erabakia? Nola eta noiz gertatzen dira oholtzako erabakiak? Zertan oinarritzen dira erabakiak? Zein leku du bertsolariaren aldarteak edo gogoak saioaren norabide aldaketan? |