Bidaiak
2020ko udaberrian, oraindik ere zaleak elkartzeko aukerarik ez zela, online ikusteko eta entzuteko saioak eskaintzen hasi ginen; tartean ziren Bidaiak delakoak. Esperimentaziorako espazioa eskaini nahi zitzaien sortzaileei saio mota hauen bidez, eta udaberrian ez ezik, udaren ondotik ere izan dute jarraipena.
Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu du egitasmoa Oreka dirulaguntzaren bidez.
BERTSOA SUTAN emanaldia Hernaniko Chillida Lekun. Aitzol Zugasti eta Maialen Cano sukaldariek gastronomiari lotutako prozesu ezberdinen azalpenak eman zituzten, eta Andoni Egaña eta Oihana Iguaran bertsolariek sukaldaritzari lotutako prozesu hauek bertsogintzara ekartzen saiatu ziren, Maite Berriozabal gai-jartzaileak lagunduta.
Otsailaren 26rako UHINAK bertso saioa antolatu zen Amasa-Villabonako Gurea aretoan, Tolosaldeko Ataria komunikabidearekin eta Harituz Tolosaldeko Bertsozale Elkargunearekin elkarlanean. Haiekin batera Bertsozale Elkarteak duen hitzarmenetik eratorritako irratsaioa da (H)ari Naizela, eta haren 200. atalaren ospakizuna tarteko antolatu zen saioa: Amets Arzallus, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran izan ziren bertsotan; Imanol Artola "Felix" aritu zen gaiak jartzen.
AZKEN BIDAIAri egin zen ekainaren 19an. Izen hori zuen denok noiz edo noiz egin beharko dugun "bidaia"ren inguruko saioak: heriotzari buruzko emanaldia izan da. Andoni Egaña, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza aritu ziren heriotzari bertsotan Azken Bidaia bertso saioan, eta Jon Sarasuak ere hartu zuen parte. Donostiako San Telmo Museoan izan zen, 18:00etatik aurrera.
Urtea amaitzerako GURE BERTSO ZIRKUA ikuskizunean lagunduko dugu. Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak, Gure Zirkuak eta Galtzaundi Euskara Taldeak antolatu dute, Bertsozale Elkartearen eta Tolosako Udalaren laguntzarekin. Bi emanaldi eskainiko dira: bata haurrei eta gaztetxoenei begirakoa eta bestei helduentzat: Gure Zirkuko artistekin batera eta Iker Iriarte eta Imanol Artola gai-jartzaileek gidatuta, Haritz Mujika, Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal ariko dira lehenean, eta Alaia Martin, Andoni Egaña, Julio Soto eta Maddalen Arzallus bigarrenean.
Italia Txiki elkartearen bidez harremana eginda, IMPROVISA UNA ANTIGA POESIA emanaldia eskainiko dugu Usurbilen eta Azpeitian bi herrietako udalen laguntzarekin maiatzaren 19an eta 20an, hurrenez hurren. Tra Parola e Musica - Casa di Suoni e Racconti erakundeak ekoitzitako ikuskizuna da, eta hitzaren, musikaren eta irudien bidez, Remundu Piras Sardiniako poesia lehiaketetako cantadore handienaren inguruan osatutako eta Paolo Pillonca kazetariak idatzitako omenaldi barregarria aurkeztuko da. Sardinieraz eta euskaraz, bat-bateko bertsoak, Pirasen eta euskal bertsolarien bertso idatziak, kontakizuna, musika eta irudiak uztartuko dira ordu eta erdiko emanaldian. Sardiniako zenbait sortzailerekin batera ariko dira Alaia Martin eta Julio Soto bertsolariak.