Nafarroa

Zabaldin jokatuko da 2019ko Bertsokabi Sariketako bigarren kanporaketa

2019/10/09
Bihar izango da saioa, urriak 10, 19:00etan. Ekain Alegre eta Iker Gorosterrazuk, Mikel Lasarte eta Sarai Roblesek eta Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjok osatutako bikoteek hartuko dute parte bigarren saio horretan.

Pasa den ostegunean eman zitzaion hasiera 2019ko BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketari, Terminal tabernan jokatutako saioarekin. Aitor Irastortza eta Xabat Illarregi nagusitu ziren lehen saio horretan, eta hortaz, urriaren 24ko finalerako sailkatu ziren. Bihar, urriak 10, jokatuko da bigarren kanporaketa, Zabaldi Elkartasunaren Etxean (Nabarreria kalean), 19:00etatik aurrera. Oholtza gainean izango dira Ekain Alegre eta Iker Gorosterrazu, Mikel Lasarte eta Sarai Robles eta Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjo. Bikote irabazlea zuzenean sailkatuko da finalerako. Asier Garciak egingo ditu gai-jartzaile lanak, eta, publikoarekin batera, Joseba Beltza eta Amaia Telletxea ariko dira epaile. Hirugarren kanporaketa, finaleko azken bikotea zehatuko duena, heldu den ostegunean izango da, urriak 17, Mendillorriko Antzara gunean.

Osotara, 16 eta 30 urte arteko hemezortzi bertsolari ariko dira sariketan, bikoteka.  Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera emateaz gain, Iruñerriko publikoa –bereziki gazteak- bertsozaletzeko xedea du sariketak, bertsoa hiriburuko eremu informaletara eramanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Ikertzaile eta eragile nekaezina, kulturgintzaren eta euskalgintzaren alor ugaritan aritu zen Arraiza; besteak beste, Nafarroako Bertsozale Elkartearen fundatzaile eta lehendakariordea izan zen urteetan.

Sariketak, bertsolari gazteentzako akuilu
2017an abiatu zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketa, Iruñeko Udalaren eta Euskokultur Fundazioaren laguntzarekin. Orduko arrakastak hauspotuta dator sariketaren bigarren aldia, beste behin ere, Iruñeko lau gune informal bisitatuko dituena.

Egun, Nafarroako Bertsolari Txapelketa eta Bardoak taldekako bertso ekimenarekin batera, bertsolari gazte eta hasiberrientzako sariketak dira Nafarroako Bertsozale Elkartearen sustapen arloko egitasmo nagusiak. Txandaka, bi sariketa nagusi izaten dira: Izeta Sariketa (Mariano Izetaren omenez, Elizondon), eta BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketa, orain bi urte hasitakoa.

Sariketak akuilu dira herrialdeko bertsolari gazteentzat, haien bertsogintzan sakontzeko eta publiko aurrean trebatzeko aukera ematen dieten neurrian. Gerora Nafarroan plazarik plaza ibilitako bertsolari askok eman zituzten lehen urratsak gazteentzako bertso sariketetan.

Hiru bikote eta sei bertsolari izango dira bigarren kanporaketan ere.