Nafarroa

Xalto sariketako finala Goizuetan jokatuko da azaroaren 22an

2013/11/18
Xabier Maia, Oier Amiano, Iker Gorosterrazu, Iban Garro, Mikel Lasarte eta Amaia Elizagoien arituko dira Goizuetako Umore Ona elkartean egingo den finalean

Azaroaren 15ean Xalto bertso sariketako bi kanporaketak jokatu ziren Leitzako gaztetxean eta Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean. Guztira, hamasei bertsolari nafarrek hartu zuten parte eta saio bakoitzetik hiruna bertsolari sailkatu ziren ostiralean egingo den finalerako. Xabier Maia (Elizondo), Iker Gorosterrazu (Ituren) eta Mikel Lasartek (Barañain) txartela eskuratu zuten Leitzako gaztetxean eta Iruñean berriz, Oier Amiano (Elizondo), Iban Garro (Lesaka) eta Amaia Elizagoien (Oronoz) nagusitu ziren.

Bertso-merendu formatuan, saioak bizi eta gustagarri joan ziren, bertsolari batzuen eta besteen arteko tartea estua izanik.

Xalto-Iruñeko kanporaketa

Finalari dagokionez, Xalto sariketako hamabigarren edizio honek berritasun garrantzitsu bat dakar. Azaroaren 22an Goizuetako Umore Ona elkartean egingo den finala, bertso-afari moduan jokatuko da. 21:00etan hasita, lehenik afaria eta ondotik mahai bueltan saioa egingo da. 

Sarrerak 15 eurotan eskuratu daitezke Goizuetako Amaia kafetegian eta Nafarroako Bertsozale Elkartera deituta (948 14 37 47) edo idatzita (nafarroa@bertsozale.com).

Maider Ansa gai-jartzaileak gidatuta, hauxe da bertsolariek egin beharko duten lana:

  • Zortziko handian binaka gaia emanda hiruna bertso osatu
  • Zortziko txikian binaka ofizioka hiruna bertso osatu
  • Kopletako saioa
  • Objektu bati bertso bana
  • Kartzelako lana
    • Zortziko txikian bi punturi erantzun
    • Gaia emanda bakarka bina bertso osatu

 

Epaile lanetan berriz, Saioa Mitxelena, Jon Abril eta Ander Fuentes “Itturri” arituko dira.

Finalaren aurretik, 20:00etan, Goizuetako tabernetan barrena bertso-poteoa antolatuko da, Xalto sariketan parte-hartu eta finaletik kanpo geratu diren bertsolariekin.

Nafarroako Bertsozale Elkartea da Xalto sariketaren antolatzailea, Goizuetako Udalaren laguntzarekin. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesa eta Goizuetako Umore Ona elkartearen laguntza ere badu ekimenak.

 

Nafarroako Bertsozale Elkarteak urtero antolatzen dituen ekimenen artean txandakatzen diren Xalto sariketa eta Izeta sariketa daude. Horien helburu nagusia, Nafarroako bertsolari gazte zein hasi berriei kantatzeko aukera ematea da, haien bertsogintza ezagutarazteko eta gerora baliagarri izango zaien esperientzia har dezaten.