Xabier Silveira, Nafarroako txapeldun
2013/03/23
Xabier Silveirak irabazi du Nafarroako Bertsolari Txapelketa. 1.500 bertsozale elkartu dira Anaitasunako finalean eta giro bikaina jarri dute saioaren hasiera-hasieratik. Zortzi finalistek maila handiko saioa eskaini dute eta azkenean Xabier Silveira atera da garaile. Hogei puntuko aldea atera dio bigarren sailkatuari, hortaz ez du buruz burukorik behar izan. Bittor Elizagoien bertsolari beteranoak jantzi dio txapela Txapeldunari. Xabier Silveiraren zazpigarren txapela da aurtengoa.
Haren atzetik Julio Soto, Erika Lagoma eta Eneko Fernandez sailkatu dira. Lau bertsolari horiek lortu dute udazkenean jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiarako txartela. Bosgarren postua Eneko Lazkozentzat izan da, eta haren atzetik Jon Barberena, Oskar Estanga eta Aimar Karrika sailkatu dira.
Sailkapena:
Bertsolaria | Puntuazioa |
---|---|
Xabier Silveira | 588 |
Julio Soto | 568 |
Erika Lagoma | 558 |
Eneko Fernandez | 541,5 |
Eneko Lazkoz | 539,5 |
Jon Barberena | 526 |
Oskar Estanga | 506 |
Aimar Karrika | 480,5 |