Nafarroa

Xabat Illarregi eta Aitor Irastortza nagusitu dira Bertsokabi Sariketako lehenengo kanporaketan

2019/10/04
Iruñeko Terminal tabernan jokatutako saioan izan dira garaile, Saioa Alkaizak eta Ainara Ieregik eta Amaia Elizagoienek eta Beñat Astizek osatutako bikoteen aurretik. Giro ederrean egin da saioa, 50 entzule ingururen aurrean.

Iruñeko Herriko Tabernan jokatu da II. BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketaren lehen kanporaketa.  Hiru bikote eta sei bertsolari izan dira taula gainean: Amaia Elizagoien eta Beñat Astiz, Saioa Alkaiza eta Ainara Ieregi, eta Xabat Illarregi eta Aitor Irastortza. Gai-jartzaile eta aurkezle zereginak, berriz, Itsaso Agirrek bete ditu.  Publikoko bost pertsonek izan dute bertsolarien jarduna epaitzeko ardura, eta haiekin batera, Cesar Etxeberria eta Julen Zelaieta ere aritu dira epaile lanetan. Lan puntuagarriak behin bukatuta, Xabat Illarregik eta Aitor Irastortzak osatutako bikotea izendatu dute saioko irabazle. Modu horretan, urriaren 24an Iruñeko Herriko Tabernan jokatuko den finalerako txartela eskuratu dute.

Bikoteka banatu dituzte saioan zehar egin beharreko lanak. Lehenbizi, gaia emanda, ofiziotan aritu dira sei bertsolariak, binaka, bikoteak nahastuz. Segidillaren txandan, minutu bateko bina txanda osatu dituzte Amaia Elizagoienek, Saioa Alkaizak eta Xabat Illarregik, erritmo ederrean, eta umoreari leku eginez. ‘Bat, bi, hiru’ jokoaren tartean, hezurdun frutak, auto markak eta Euskal Herriko ibaiak zerrendatzen ibili dira puntuka hiru bikoteak, hurrenez hurren.

Jolas horren ostean iritsi da bakarkako ariketa, Beñat Astizek, Ainara Ieregik eta Aitor Irastortzak bete dutena, oinak emanda habanera bana osatuz. Horren ostean, saioari bukaera emateko, koplaka aritu dira hiru bikoteak, egoera emanda. Horren ostean, behin publikoaren eta epaileen iritziak bilduta, jakinarazi du aurkezleak saioko bikote irabazlea.

Bigarren kanporaketa, heldu den ostegunean
Hurrengo ostegunean, urriak 10, jokatuko da sariketaren bigarren kanporaketa, Zabaldi Elkartasunaren Etxean (Nabarreria kalea), 19:00etan. Hiru bikote izango dira kantuan, sei bertsolarirekin: Iker Gorosterrazu eta Ekain Alegre, Alazne Untxalo eta Irati Majuelo eta Josu Sanjurjo eta Ekhiñe Zapiain. Saioko irabazlea urriaren 24ko finalera sailkatuko da.

Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera emateaz gain, Iruñerriko publikoa –bereziki gazteak- bertsozaletzeko xedea du sariketak, bertsoa hiriburuko eremu informaletara eramanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Aitor Irastortza eta Xabat Illarregi, lehenengo kanporaketan irabazle.