Urriaren 30ean jokatuko da 2020ko Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa, Etxarri Aranazen
Ainhoa Arrizabalaga (Iruñea), Amaia Lasheras (Barañain), Beñat Astiz (Barañain), Bittori Elizalde (Iruñea), Ekhiñe Zapiain (Bera), Eki Mateorena (Leitza) eta Etxahun Azkarraga (Etxalar) izanen dira Nafarroako Eskolarteko Txapelketako 34.edizioan parte hartuko duten zazpi bertsolariak.
Maider Ansak aurkeztuko du saioa, eta Izaro Mitxelena, Joseba Beltza eta Nerea Bruño izanen dira saioko epaileak.
Txapelketak bi fase izanen ditu:
Lehenengo fasean bertsolari guztiak arituko dira, eta honako hau da egin beharko duten lana:
- Gai orokorra emanda, 5 puntuko bertso bana osatu.
- Lau oinak emanda bertso bana osatu
- Bukaera emanda bertso bana osatu.
- Hitza gaitzat hartua bertso bana osatu.
Hortik, bi bertsolari sailkatuko dira bigarren fasera, eta honako hau da sailkatuek egin beharko duten lana:
- Zortziko handian, ofizioka, bina bertso.
- Kartzelako lana:
- Puntu bati erantzunez bertso bat.
- Gaia emanda bertso bat.
Lan guztiak eginda puntu gehien biltzen dituen bertsolariak jantziko du aurtengo txapela. Txapelketako lehenengo bi sailkatuak, gainera, Euskal Herriko Eskolartekorako sailkatuko dira, Nafarroako ordezkari gisa.
Saioa 18:30ean hasiko da Etxarri Aranazko Kultur Etxean. Sarrera doakoa izanen da, eta nafarroa@bertsozale.eus helbidera idatziz erreserbatu ahalko da. Aretoaren edukiera %30ekoa izanen da, eta osasun neurriak errespetatzen direla bermatuko da saio guztian zehar.