Urko Gartziak irabazi du Larraungo aurrekanporaketa, eta zuzenean sailkatu da txapelketara
Urriaren 7an abiatuko da 2023ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, eta abenduaren 2an bukatu. Aldez aurretik, ordea, bi aurrekanporaketa jokatuko dira, azken edizioan parte hartu ez zuten bederatzi bertsolarirekin, eta azken txapelketako azken hiru sailkatuekin. Gaur jokatu da saio horietatik lehena, Larraungo Gabari gune irekian, 50 bat entzuleren aurrean. Kantuan, ondorengo sei bertsolariak izan dira: Beñat Astiz Isasi, Urko Gartzia Aleman, Peio Ardaiz Gale, Fernando Ziganda Urdanpileta, Mintxo Astiz Goñi eta Etxahun Azkarraga Fernandez.
Horien artean, Urko Gartziak bildu du puntu gehien (246), eta ondorioz, berak irabazi du saioa. Haren atzetik sailkatu dira Beñat Astiz (244,5), Fernando Ziganda (235), Mintxo Astiz (195,5), Peio Ardaiz (185) eta Etxahun Azkarraga (175,5). Alaitz Rekondok aurkeztu du saioa, eta lau lagun aritu dira epaile lanetan: Aimar Sagastibeltza, Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria eta Joseba Beltza.
Ondorioz, txapelketarako txartel zuzena eskuratu du Urko Gartziak; gainontzeko bertsolariek, aldiz, hurrengo asteko aurrekanporaketa pasa bitarte itxaron beharko dute sailkatzen diren ala ez jakiteko. Hamabi bertsolarik hartuko dute parte aurre-kanporaketetan, eta horietatik zazpi sartuko dira txapelketan.