Sei emanaldik osatuko dute aurtengo Bertsoaroa zikloa
Nafarroako Bertsozale Elkarteak Iruñeko Udalarekin elkarlanean, udazkenerako programazio oparoa prestatu du. Iruindarren artean erabat errotu den Bertsoaroa zikloak hiru astetan sei saio eskainiko ditu.
Urriaren 24an emango zaio hasiera bertso saio batekin. Goi mailako sei bertsolari gazte izango dira oholtza gainean: Julio Soto, Beñat Gaztelumendi, Erika Lagoma, Eneko Lazkoz, Alaia Martin eta Odei Barroso. Gai-jartzaile lanetan berriz, Alaitz Rekondo nafarra.
Urriaren 29an, Xabier Payak Txapelketa Nagusiaren gaineko hitzaldia eskainiko du. "Lujanbiotik (1935) Lujanbiora (2013)" izenburupean, txapelketako historiaren eta izandako bitxikeri zein anekdoten gainean jardungo da.
Azaroaren 5ean "Ez gara Palestinaz ari" emanaldi berezia izango da ikusgai. Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariek, Imanol Kamio eta Aitor Atxega musikariekin batera, gizakiaren barne mundua azaleratuko dute, bertsoak, gitarrak, akordeoiak eta pianoak lagunduta.
Azaroaren 7an, urtero antolatzen den gazteen bertso saioa egingo da. Irati Majuelo, Mikel Lasarte eta Egoitz Gorosterrazu nafarrekin batera, Maddi Sarasua lapurtarrak, Nerea Ibarzabal bizkaitarrak eta Amaia Iturriotz gipuzkoarrak osatuko dute seikotea. Gai-jartzaile, Joseba Beltza bertsolari eta aurkezlea arituko da.
Azaroaren 12an berriz, Igelaren Bandaren musika emanaldia eskainiko da. Bixente Martinez, Hasier Oleaga eta Amaiur Cajaraville musikariek osatzen dute taldea. Kantu eta dantza zaharrak oinarri hartuta bertsio instrumentalak sortuko dituzte, azalpen eta inprobisazio tarteekin.
Azaroaren 14ko bertso saioak emango dio amaiera Bertsoaroa zikloari. Ohikoa den moduan, Ainhoa Aranburu gai-jartzailea gidari dutela, goi-mailako sei bertsolari arituko dira bertsotan: Maialen Lujanbio, Jon Maia, Xabier Silveira, Julen Zelaieta, Amets Arzallus eta Fredi Paia.
Hitzaldia salbu, gainontzeko saio guztiak Iruñeko Gurutzeko Plazako Institutuko Areto Nagusian egingo dira, arratsaldeko 20:00etan hasita. Hitzaldia, Civivox Iturrama zentroan eskainiko da, arratsaldeko 19:30ean.
Sarrerak doan eskuratuko dira, emanaldiak hasi baino ordubete lehenagotik aretoan bertan.
Informazio osatuagoa bertan aurkituko duzue. Hemen artxiboa deskargatzeko.