Nafarroa

Sei bertsolarik jokatuko dute ostiralean Izeta sariketako finala

2014/11/17
Iragan ostiralean Izeta sariketako seigarren edizioko kanporaketak jokatu ziren Arbizu, Arribe-Atallu eta Iruñean, seina bertsolarirekin. Hiru saio horietatik, ostiralean Elizondoko finalean arituko den seikoa atera da: Saioa Alkaiza, Oier Amiano, Alazne Untxalo, Maddalen Lopez, Kotte Plaza eta Ioar Tainta.

Mariano Izeta sariketako seigarren edizioko kanporaketak egin ziren ostiralean. Arribe-Atallun 50 bertsozale gazte elkartu ziren Satorzulo lokalean. Bertan, Alazne Untxalok eta Maddalen Lopezek lortu zuten finalerako sailkatzea.

Iruñeako saioa, berriz, Iruñeko Alegria peñan izan zen eta Saioa Alkaiza eta Oier Amianok lortu zuten finalerako txartela. Azkenik, Arbizkuko Argibide elkartean 45 bertsozalek segitu zuten kanporaketa bertatik bertara. Kotte Plaza eta Ioar Tainta sailkatu ziren finalerako.

Finalerako txartelak salgai

Horiek horrela, ostiralean Elizondon jokatu den Izeta sariketako seikoa honakoa da: Alazne Untxalo (Ituren), Maddalen Lopez (Lesaka), Saioa Alkaiza (Antsoain), Oier Amiano (Elizondo), Kotte Plaza (Irurita) eta Ioar Tainta (Lesaka)

Finala Baztango Errugbi Taldeko elkartean (BRTetxea, antzinako Alkartetxean) izanen da eta Fernando Anbustegik aurkeztuko du. Epaile lanetan Saioa Mitxelena, Jon Abril eta Mikel Altzuart arituko dira.

Saioa mahai bueltan egingo da, afal ostean. 21:00etan izango da afaria eta 22:00etan saioa. Afari eta saioaren prezioa 15 eurokoa da eta sarrerak aldez aurretik erosten ahalko dira Elizondoko Fantxike dendan eta Intza ostatuan edo Nafarroako Bertsozale Elkartean erreserbatu (nafarroa@bertsozale.eus edo 948143747 telefonoan).