Nafarroa

Sarai Roblesek jantzi du X. Izeta Sariketako txapela

2022/10/22
Baztanen jokatu da Mariano Izeta euskaltzale eta bertsozale baztandarraren omenezko sariketa, hamargarrena, egun osoz. Arratsaldean 16 bertsolarik hartu dute parte bi kanporaketetan, Erratzun eta Elizondon, eta horietatik sei sailkatu dira finalerako. Horien artean, Barañaingo bertsolariak jantzi du txapela. Bertso onenaren saria, bestalde, Ekhiñe Zapiainentzat izan da.

Gaurko egunez jokatu da X. Mariano Izeta Bertso Sariketa, Baztango hainbat tokitan. Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak antolatu dute sariketa, hamargarrena, Mariano Izeta bertsozale eta euskaltzale baztandarraren (Elizondo, 1915-2001) omenez. Guztira, Nafarroako 16 bertsolari gaztek hartu dute parte sariketan. Arratsaldean, bi kanporaketa izan dira, zortzina bertsolarirekin. Horietatik, seik lortu dute arratsaldeko finalerako txartela, saio bakoitzeko lehen hirurak. Elizondoko Intza ostatuan jokatutako kanporaketan, hain justu, Sarai Robles, Bittori Elizalde eta Patxi Castillo izan dira sailkatuak; Erratzuko Zubi-punta ostatuko saioan, aldiz, Ekhiñe Zapiain, Ekain Alegre eta Eki Mateorena sailkatu dira.

Sei horiek jokatu dute finala, afalostean, Elizondoko Kortarixar jatetxean. 70 lagun ingururen aurrean jokatu da finala, Zigor Gartzia "Zian" gai-jartzaile zela. Bost epaile aritu dira bertsolarien lana epaitzen: Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Izaro Mitxelena, Joseba Beltza eta Julen Zelaieta. Horiek emandako puntuen arabera, Sarai Robles izendatu dute txapeldun, 333,5 punturekin. Haren ostean sailkatu dira Ekhiñe Zapiain (320,5), Ekain Alegre (302), Patxi Castillo (297), Eki Mateorena (295) eta Bittori Elizalde (252)

Txapeldunaz gain, saioko bertso onenaren saria ere eman du epaimahaiak. Kasu honetan, Ekhiñe Zapiainentzat izan da, zortziko handiko bigarren bertsoagatik. Bi sariak, txapela zein bertso onenarena, Juana Mari Izetak, Mariano Izeta zenaren alabak, banatu diitu.

Hurrengo taulan ikus daiteke finaleko puntuazioa (koloreztatua, ariketa bakoitzean puntuaziorik altuena atera duena).

 

70 lagun inguru bildu dira Elizondoko Kortarixar jatetxea, saioa bertatik bertara jarraitzeko.