Saats Karasatorrek jantzi du VIII. Izeta Sariketako txapela
Mariano Izeta bertso sariketak badu txapeldun berria. Ostiralean jokatu zen zortzigarren aldiaren finala, Elizondoko Arizkunenean, eta Saats Karasatorrek jantzi zuen txapela, 246 puntu bilduta. Haren atzetik sailkatu ziren Josu Sanjurjo (242,5), Mikel Lasarte (242), Sarai Robles (231,5), Irati Majuelo (214,5) eta Amaia Elizagoien (211) bertsolariak. Lehen aldiz, gainera, bertso onenaren saria eman zitzaion puntu gehien eskuratutako aleari: Lasarterentzat izan zen saria, koplen ariketako lehen bi koplengatik (21na puntu eman zieten epaileek kopla horietako bakoitzari). Joseba Beltza, Estitxu Arozena eta Julen Zelaieta aritu ziren epaile lanetan. Gai-jartzaile lanak, aldiz, Maialen Belarrak bete zituen.
Irurtzunen eta Lizarran jokatutako bi kanporaketen ostean jokatu zen sariketako finala, aurreko bi saio horietan sailkatutako sei bertsolariekin. Xabat Illarregik ere finalean behar zuen, baina ezin izan zuen parte hartu, eta Irati Majuelok hartu zuen bere tokia, bere sailkapen saioan hurrengoa izateagatik. Finalean, ondorengo lanak bete behar izan zituzten sei bertsolariek: zortziko handian hiruna bertso, zortziko txikian hiruna bertso, bina punturi erantzun, hiruna kopla, eta bakarka, gaia emanda, bina bertso. Behin lan guztiak amaitutakoan jakinarazi zuen epaimahaiak bere erabakia. Ines Izeta Mariano Izeta zenaren alabak jantzi zion txapela Karasatorreri, Elizondon bildutako 80 entzuleen txalo artean.
Hala, Izeta sariketako txapeldunen zerrendara gehitu da Saats Karasatorreren izena, beste hauekin batera: Jon Barberena (2004), Oier Lakuntza (2006), Jon Elizetxe (2008), Iñaki Aleman (2010), Aimar Karrika (2012), Saioa Alkaiza (2014) eta Joanes Illarregi (2016).
Mariano Izeta gogoan
Nafarroako Bertsozale Elkartea eta Baztango Udala dira Mariano Izeta Sariketaren antolatzaileak, eta Baztango Bertso Eskola ere aritzen da finala antolatzeko lanean.
Mariano Izetak (Elizondo, 1915-2001) herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia eskertzeko helburua du bere izena daraman sariketak. Lanbidez erloju-konpontzailea zen Izeta, baina horretaz aparte lan itzela egin zuen herri kultura eta ondarea biltzen eta ezagutarazten. Egindako guztiagatik, Baztango seme kuttuna izendatu zuten. Idazle, “Nafar Izkuntza”-ko kolaboratzaile, Euskaltzaindiko kide, Baztango hiztegien egile, mutil-dantzen sustatzaile… hamaika kontutan ibili zen Izeta.
Bertsolaritza izan zen bere zaletasunik handienetakoa. 1936. urtean egin zen lehen Nafarroako Bertsolari Txapelketan lagundu eta hortik aurrera hamaika bertso saio antolatu zituen. Nafarroako Bertsozale Elkarteko ohorezko presidentea zen.
Izeta Sariketak, garai batean jokatzen zen Xalto Sariketa edo iaz abiatutako Bertsokabi Sariketa bezalaxe, Nafarroako bertsolari gazte eta hasiberriei bultzada ematea du xede, plazak eskainiz, haien bertsogintza garatu eta ezagutzera eman dezaten.