Nafarroa

Otsailaren 8an abiatuko da 2024ko Bertsoaroa Iruñean

2024/01/31
Aurten ere, aurreko urteetako egutegi aldaketari segida emanez, negu betean ospatuko da 2024ko Bertsoaroa; hain justu, otsailaren 8an hasi eta martxoaren 1era bitarte luzatuko da eskaintza. Zazpi emanaldi izango dira guztira aurten, Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak antolatuta.

Abiatzear da Bertsoaroaren 33. Edizioa. Otsailaren 8an abiatuko da zikloa, eta martxoaren 1era arte luzatuko da. Tartean, zazpi emanaldi izango dira guztira, Iruñeko hainbat tokitan barreiatuta.

Izan ohi den moduan, Bertsoaroak unean uneko bertsolaritzaren berri, kalitatez eta aniztasunez ematea du helburu. Programazioaren baitan, lau bertso jaialdi izango dira, “AMAraun” izeneko saio berezia, “Bertso saio espekulatiboa. Etorkizuna bertsotan pentsatzen” bertso saio futurista, iaz ere gozatu genuen “Bertso jasa bat-bateko jolasa” haurrentzako tailerra, eta, aurreko edizioko arrakastari jarraipena emanez, bertso afaria ere izango da. Urteroko apustuari helduz, Nafarroako bertsolariei eta bertsolari gazteei ere protagonismoa eman nahi izan diete antolatzaileek. 

Antzerki Eskolan egingo diren lau emanaldiek bosna euroko sarrera izango dute -14 urte artekoen kasuan, doan-, eta lauentzako bonoa eskuratu ahal izango da 15 eurotan (sarrerak salgai antzokiaren webgunean). “Bertso jasa” tailerrerako izena eman beharko da aurrez, eta bertso afariaren kasuan, Geltokiren webgunean erosi beharko dira sarrerak, 28 euroan (kontsultatu menua, hemen). Gazteen bertso saioak sarrera librea izango du, aforoa bete arte. 

Zazpi emanaldi guztira
Bertsoaroaren 33. aldia, ohikoa den bezala, lehen mailako bertso jaialdi batekin hasiko da. Alaitz Rekondo arduratuko da gaiak prestatu eta jartzeaz, eta, haiei kantari arituko dira ibilbide eta herrialde ezberdinetako sei bertsolari. Otsailaren 8an izango da saioa, Nafarroako Antzerki Eskolan, 19:00etan. Saioa hasi baino ordu erdi lehenago, 18:30ean, Iruñeko IV: Bertsopaper Lehiaketako sari banaketa egingo da, ekitaldi xume batean.

Otsailaren 14an, 'AMAraun', Amatasunaren inguruko hausnarketa bat kontatuko duen proiektu artistiko berritzailea aurkeztuko digute Oihana Iguaran bertsolari eta Amaiur Luluaga dantzariak. Istorio bat kontatuko digute eskura duten lengoaia guztia baliatuz: musika, gorputza, ahotsa, hitza, espazioa, eszena… Antzerki Eskolan izango da 19:00etan. 

Larunbatean, otsailak 17an, Sanduzelaiko Civivoxean, 'Bertso Jasa, bat-bateko jolasa' bertso-saioa eskainiko da. Haur eta gaztetxoez osatutako publikoari zuzendutako bertso-saioak dira hauek. Haurrak jolas eta ariketen bitartez gaiak eta egoerak proposatzen joango dira, eta modu horretan, bertso saioa osatuko dute bi bertsolari gonbidatuek. 8 eta 12 urte arteko haurrentzako tailerra da, eta izen-ematea ezinbestekoa da, nafarroa@bertsozale.eus helbidera mezua idatzita edo 948143747 telefonora deituta, otsailaren 15a baina lehen. 

Otsailaren 22an, ohiko gisan, bigarren bertso jaialdi bat izango da. Ibilaldi luzekoak eta gazteak, nafarrak eta beste herrialdeetakoak, egungo bertsolaritzaren berri eskainiko dute oholtzaren gainean izango diren puntako bertsolariek.

Biharamunean, otsailaren 23an, LABAn, bertsolari gazteen saioa izango da. Aurten ere, Bertsoaroak, bertsolari gazteei bere egitarauan leku egiteko apustua egin du. Bertsolaritzaren orain eta etorkizuna diren horiei plazan trebatzen eta kantatzen segitzeko aukera emango zaie gazteen bertso saio honetan. 

Otsailaren 28an, saio berezia izango da. Hamar autorek idatzitako, eta Consonnik argitaratutako Zirriborroak eta gero ipuin bilduma oinarri hartuta, bertso saio espekulatibo futurista izango dugu hau. Maite Berriozabalek jarriko ditu gaiak eta  Miren Amuriza, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga izango ditugu kantuan. Antzerki Eskolan izango da 19:00etan. 

Iaz egin genuen bezala, aurten ere amaiera ezinhobea emango diogu Bertsoaroari: bertso afaria. Geltokin egingo da, eta tokia izango dute produkzio ekologikoan dabiltzan gertuko hainbat ekoizlek ere. Geltokiko webgunean bertan erosi daitezke sarrerak, 28 euroan, eta bertan kontsultatu daiteke menua ere. 

Dom Campistronen irudia

Dom Campistron Aldudeko ilustratzaile grafiko eta marrazkilariak egin du aurtengo Bertsoaroaren irudia. 

Kartela handiago ikusteko, egin klik hemen.

Dom Campistron ilustratzaile grafiko eta marrazkilariak diseinatu du 2024ko Bertsoaroaren irudia.