Nafarroa

Ostiralean jokatuko da Arantzan 2019ko Nafarroako Eskolarteko Txapelketa

2019/04/01
14 eta 18 urte bitarteko hamabost bertsolari gaztek hartuko dute parte ostiral honetan, apirilak 5, Arantzan jokatuko den Nafarroako Eskolarteko Txapelketako 33. edizioan. Arantzako eskolan izango da saioa, 18:30etatik aurrera, doako sarrerarekin. Ondoren, merendua izango da, bai eta parte hartzaileentzako egonaldia ere, Arantzako aterpetxean bertan.

Amaia Lasheras (Barañain), Ane Telletxea (Lesaka), Beñat Astiz (Barañain), Bittori Elizalde (Iruñea), Ekain Alegre (Altsasu), Ekhiñe Zapiain (Bera), Enma Murillo (Barañain), Etxahun Azkarraga (Etxalar), Idurre Villanueva (Barañain), Iratxe Muxika (Lesaka), Lide Arrieta (Iruñea), Olatz Bados (Altsasu), Uxue Mesa (Lesaka), Xabat Illarregi (Leitza) eta Zuhara Zaratiegi (Barañain) dira Nafarroako eskolarteko txapelketako 33. edizioan kantatuko duten hamabost bertsolariak.

Josu Sanjurjok aurkeztuko du saioa eta Saioa Mitxelena, Julen Zelaieta eta Amaia Telletxea izango dira saioko epaileak.

 

Parte-hartzaile guztiek honako lana egin behar dute:

  • Gai orokor bati kopla edo bertso bana (gehienez 5 puntukoa)
  •  4 oinak emanda bertso bana
  • Hitza gaitzat hartuta kopla edo bertso bana (gehienez 5 puntukoa)

 

Hortik sei bertsolari sailkatuko dira bigarren fasera:

  • Binaka, gaia emanda, bina bertso zortziko txikian
  • Binaka, gaia emanda, hiruna kopla

 

Azkenik, bi bertsolari pasako dira buruz burukora (kartzela):

  • Puntu-erantzun bat
  • Gaiari bertso bat

 

Lan guztiak eginda puntu gehien biltzen dituen bertsolariak jantziko du aurtengo txapela. Txapelketako lehenengo bi sailkatuak, gainera, ekainaren 8an Saran jokatuko den Euskal Herriko Eskolartekorako sailkatuko dira, Nafarroako ordezkari gisa.

Saioa 18:30ean hasiko da Arantzako eskolako soinketa gelan. Sarrera doakoa da, eta saioa amaituta merendua izango da. Horren ostean, gainera, parte hartzaileentzako egonaldia izango da Arantzako aterpetxean.

 

Hamabost bertsolari gazte ariko dira aurtengo Nafarroako Eskolartekoan.