Nafarroa

Nafarroako Negulekuak arrakastatsu bigarren urtez

2015/01/07
Nafarroako gazteen bertso-eskoletako 70 ikaslek parte-hartu dute ekimen honetan

Pasa den abenduaren 29tik 30era bitarte Nafarroako gazteen bertso-eskolei zuzendutako bertso Negulekuak antolatu ziren Iturenen eta Zubietan. 10-14 urte arteko ikasleei bideratutako egitasmo honek, Barañain, Iruñea, Lizarra, Ituren, Bera, Lesaka, Etxalar eta Igantziko 70 kide batu zituen. 

Topaketa honen helburua gazteen elkar ezagutza areagotu eta esparru ludiko batean bertsogintza lantzea izanik, ikasleek dinamika eta jolas desberdinak egin zituzten euskara eta bertsoa oinarri. Afal orduan gainera, Julen Zelaieta eta Julio Soto bertsolarien saioa ikusi eta bertan parte-hartzeko aukera izan zuten.

Urtebete lehenago Zugarramurdin izan zen hitzordua eta 30 ikasle inguru animatu ziren ekimenera. Lehen esperientzia on hark bultzatuta, Negulekuak urteko egitasmoen baitan txertatzeko apustua egin zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Gaur egun Nafarroan gaztetxoen 17 bertso-eskola daude martxan (Bortzirietan, Iturenen, Leitzan, Altsasun, Lizarran, Barañainen, Iruñean eta Zubirin) eta guztira 130 ikaslek jasotzen dute bertsolaritza eskola orduz kanpoko talde hauetan.