Nafarroa

Nafarroako bertso plaza martxan jarriko du Zapla! egitasmoak

2021/03/22
Denetariko zazpi saio antolatu ditu Nafarroako Bertsozale Elkarteak, herrialdeko zazpi herritan, apirilaren 23tik maiatzaren 15era bitarte. Txapelketarik ez den honetan, nafar bertsolariei plazak eskaintzea da asmoa, kultura segurua dela erakustearekin batera. Era berean, saio moldeetan berritzeko baliatuko da aukera.

Nafarroako bertso plaza aktibatzeko eta sustatu nahian, Zapla! egitasmoa jarri du martxan Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Hain zuzen ere, ondorengo helburuak ditu:

  • Pandemiak bertso plaza ia desagerrarazi duen honetan, eta Nafarroako Bertsolari Txapelketa atzeratuta, nafar bertsolari eta gai-jartzaileei plazak eskaintzea.
  • Kultura, eta bertsolaritza, segurua dela eta erantzukizunez antolatu daitekeela erakustea; eredu ematea.
  • Txapelketak exijitzen duen saio/egitura zurrunetik harago, bestelako saio mota, gai, ariketa moldeekin esperimentatzeko aukera baliatzea.


Zazpi saio, denetarikoak
Bertso zirkuitu bat da Zapla! bere baitan; zehatzago, zazpi bertso saiok osatuko duten ziklo bat. Zazpi herri ezberdinetan eginen dira emanaldi horiek, apirilaren 23tik maiatzaren 15a bitarte; saio bakoitzean bertsolari ezberdinek hartuko dute parte. Ekitaldi bakoitzak, gainera, izaera propioa izanen du, besteengandik ezberdina. Hain justu, gorago aipatu bezala, hori da egitasmoaren helburuetako bat: bertso saioen diseinuan berritu eta esperimentatzea, ohikotik harago egon daitezkeen ariketa, gai eta saio motak proposatuz. Era berean, bertsolaritzaren aniztasuna ere islatu nahi du egitasmoak, kultur adierazpen horren barruan egon daitezkeen saio mota ezberdinak bilduz.

Lizarran, Beran, Irurtzunen, Zizur Nagusian, Antsoainen, Agoitzen eta Arantzan eginen dira zazpi saio horiek, eta bertako udalen laguntza jaso du Nafarroako Bertsozale Elkarteak egitasmoa antolatu ahal izateko. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu ahalko dira martxoaren 29tik aurrera, 7 eta 8 euro bitarteko prezioan (bertso bazkarikoak 30 eurotan). Hauek dira antolatutako zazpi saioak:


LIZARRA.
Apirilak 23, ostirala, 18:30ean

Bertso jaialdia, Los Llanos Kulturgunean.
(Sarrerak, laster, hemen).

Ekain Alegre
Erika Lagoma
Julio Soto
Saioa Alkaiza

Gai-jartzailea: Alaitz Rekondo

BERA. Apirilak 24, larunbata, 18:30ean
Bertso saioa Bidasoan gora*, Kultur Etxean.

Alazne Untxalo
Ekhiñe Zapiain
Eneko Fernandez
Xabier Terreros, “Terre”
Gai-jartzailea: Maddi Ane Txoperena

* Eneko Aizpuruaren ‘Bidasoan gora’
 liburuan oinarritua (Elkar, 2020).


IRURTZUN. Apirilak 30, ostirala, 18:30ean
Zentzumenei bertsotan, Kultur Etxean.

Iker Gorosterrazu
Irati Majuelo
Sustrai Colina
Gai-jartzailea: Maialen Belarra

ZIZUR NAGUSIA. Maiatzak 2, igandea, 18:30ean
Bertso trama, Kultur Etxean.

Beñat Astiz
Idoia Granizo
Miel Mari Elosegi “Luze”
Sarai Robles
Xabat Illarregi
Gai-jartzailea: Ander Aranburu


ANTSOAIN. Maiatzak 8, larunbata, 18:30ean
Kopla saioa, Antzokian.

Ainara Ieregi
Joana Ziganda
Josu Sanjurjo
Mikel Lasarte
Patxi Castillo
Saats Karasatorre
Gai-jartzailea: Zigor Gartzia, “Zian”

AGOITZ. Maiatzak 9, igandea, 18:30ean
Bertso jaialdia, Kultur Etxean.

Aitor Irastortza
Ander Fuentes "Itturri"
Endika Legarra
Joanes Illarregi
Mintxo Astiz
Gai-jartzailea: Ainhoa Larretxea


ARANTZA. Maiatzak 15, larunbata, 14:00etan
Bertso bazkaria, Aterpean.

Eneko Lazkoz
Julen Zelaieta

 

 

 

Nafarroako bertso plaza biziberritzeko asmoz dator Zapla! egitasmoa.