Nafarroako Bertso Eskolen eguna, maiatzaren 26an Leitzan
Ikasturte amaierarekin batera etorri ohi da Nafarroako gazteen Bertso Eskolen Eguna. Aurtengoak ere badu data dagoeneko: maiatzaren 26an ospatuko da, Leitzan. Nafarroako Bertso Eskolen sareko 9 eta 14 urte bitarteko ikasleei zuzenduriko jarduera da Bertso Eskolen Eguna.
Goizean Nafarroako Txikien Eskolarteko Txapelketako finala burutuko dute gazteek Leitzako Herri Aretoan. Behin amaituta, elkarrekin bazkalduko dute denek. Arratsaldean, Gure ahots bideo motz bideo lehiaketaren baitan sortutako bideoak ikusiko dituzte eta sari banaketa egingo da. Azkenik, Peru Harriko bisitak emango dio amaiera egun osoko egitarauari.
Bertso Eskolen egunean izena emateko hurrengo galdetegia bete beharko da, maiatzaren 17a baino lehenago (galdetegian jaso dira jardueraren inguruko oharrak).
Aisialdia, transmisioaren osagarri
Bertso Eskolen Egunak, Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatzen dituen beste hainbat jarduerak bezalaxe -Negulekuak, topaketak...- Bertso Eskolen sarea osatzen duten gazteen arteko harremana bultzatu eta elkar ezagutza sustatzeko helburua du. Modu horretan, aisialdiari garrantzia berezia eman nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak, transmisioko beste bi erpinetan (Hezkuntza Arautuko egitasmoan eta Bertso Eskoletan) egiten den lana osatzeko balio duela ulertuta.
Bertso Eskoletan, eskola orduz kanpo bertsolaritza lantzen diharduten gaztei formazioa emateko irakasle sare zabal eta prestua du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Astean behingo maiztasunez, bertsogintzaren oinarriak eta irakaspenak jasotzearekin batera, ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak garatzen dituzte besteak beste, transmisio bide den giro ludiko batean.