Nafarroa

Mendillorriko Antzaran izango da Bertsokabi Sariketako hirugarren kanporaketa

2019/10/16
Bihar izango da saioa, urriak 17, 19:00etan. Irati Majuelok eta Alazne Untxalok, Endika Legarrak eta Joanes Illarregik, eta Etxahun Azkarragak eta Patxi Castillok osatutako bikoteek hartuko dute parte hirugarren saio horretan. Bertan erabakiko dira aurtengo finalistak.

Urriaren 3an eta 10ean jokatu ziren orain arteko bi sariketak. Lehenean, Terminal tabernan jokatutakoan, Aitor Irastortza eta Xabat Illarregik osatutako bikotea nagusitu zen. Bigarrenean, pasa den astean Zabaldin izandakoan, Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjo izan ziren nagusi. Hortaz, finalerako sailkatuak dira honezkero bi bikote horiek. Bihar jokatuko da hirugarren eta azken kanporaketa, eta hor zehaztuko da finalean izango den hirugarren bikotea. Mendillorriko Antzara gune komunitarioan izango da biharko saioa, 19:00etan. Oholtza gainean izango dira Irati Majuelo eta Alazne Untxalo, Endika Legarra eta Joanes Illarregi eta Etxahun Azkarraga eta Patxi Castillo. Itsaso Agirrek egingo ditu gai-jartzaile lanak, eta, publikoarekin batera, Nerea Bruño eta Mikel Beaumont ariko dira epaile. Finala heldu den ostegunean jokatuko da, urriak 24, Iruñeko Herriko Tabernan.

Osotara, 16 eta 30 urte arteko hemezortzi bertsolari ari dira sariketan, bikoteka.  Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera emateaz gain, Iruñerriko publikoa –bereziki gazteak- bertsozaletzeko xedea du sariketak, bertsoa hiriburuko eremu informaletara eramanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Ikertzaile eta eragile nekaezina, kulturgintzaren eta euskalgintzaren alor ugaritan aritu zen Arraiza; besteak beste, Nafarroako Bertsozale Elkartearen fundatzaile eta lehendakariordea izan zen urteetan.

Sariketak, bertsolari gazteentzako akuilu
2017an abiatu zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketa, Iruñeko Udalaren eta Euskokultur Fundazioaren laguntzarekin. Orduko arrakastak hauspotuta dator sariketaren bigarren aldia, beste behin ere, Iruñeko lau gune informal bisitatuko dituena.

Egun, Nafarroako Bertsolari Txapelketa eta Bardoak taldekako bertso ekimenarekin batera, bertsolari gazte eta hasiberrientzako sariketak dira Nafarroako Bertsozale Elkartearen sustapen arloko egitasmo nagusiak. Txandaka, bi sariketa nagusi izaten dira: Izeta Sariketa (Mariano Izetaren omenez, Elizondon), eta BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketa, orain bi urte hasitakoa.

Sariketak akuilu dira herrialdeko bertsolari gazteentzat, haien bertsogintzan sakontzeko eta publiko aurrean trebatzeko aukera ematen dieten neurrian. Gerora Nafarroan plazarik plaza ibilitako bertsolari askok eman zituzten lehen urratsak gazteentzako bertso sariketetan.

Hiru bikote eta sei bertsolari izango dira hirugarren kanporaketan ere.