Nafarroa

Kotte Plaza, Mikel Lasarte eta Sarai Robles Nafarroako Txapelketako final-laurdenetarako sailkatu dira

2014/12/15
Ostiralean abiatu zen 2015 Nafarroako Bertsolari Txapelketa, Iruñean jokatu zen kanporaketarekin. Sei bertsolari izan ziren oholtzan, eta horietatik hiruk lortu zuten otsailean abiatuko diren final-laurdenetarako sailkatzea: Kotte Plaza, Mikel Lasarte eta Sarai Robles. Bertsozaleek Alegria Peñako aretoa bete zuten.

Nafarroako Bertsolari Txapelketan lehen aldiz izena eman duten sei bertsolariek final-laurdenetara sailkatzeko kanporaketa jokatu zuten ostiral iluntzean Iruñean. Sahats Aleman, Mikel Juaniz, Mintxo Astiz, Kotte Plaza, Sarai Robles eta Mikel Lasarte izan ziren oholtzan. Haiei adi Alegria Peñako aretoa bete zuten 75 bertsozale izan zituzten.

Maider Ansa gai-emailearen gidaritzapean, Txapelketako ohiko moldean aritu ziren bertsolariok, binaka zortziko handian eta txikian; eta kartzelakoan bakarka, puntu-erantzunetan eta gai bati bina bertso eginez. Hiru epaile izan ziren bertsolarien lana baloratzen: Arkaitz Goikoetxea, Nerea Bruño eta Ekintza Landa.

Kotte Plaza iruritarrak irabazi zuen saioa, puntuaziorik altuena lortuta. Bigarren eta hirugarren postuan, berriz, bi gazte barañaindar: Mikel Lasarte eta Sarai Robles, hurrenez hurren. Laugarren postuan Sahats Aleman izan zen, bosgarrenean Mikel Juaniz eta seigarrenean Mintxo Astiz.

Hortaz, Kotte Plaza, Mikel Lasarte eta Sarai Robles Nafarroako Txapelketako hurrengo faserako sailkatu dira. Kanporaketetan sailkatu diren hiru bertsolari hauekin batera, izena eman duten beste 27 bertsolariek hartuko dute parte final-laurdenetan, 30 bertsolari osotara.

Final-laurdenak otsailaren 7an hasiko dira eta 2015eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa martxoaren 28an amaituko da.

Nafarroako Bertsolari Txapelketaren inguruko gainerako xehetasunak otsaila hasieran emango ditu Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Kotte Plaza eta saioan aritu ziren beste bost bertsolariak.