Julio Sotok finalerako txartela lortu du Atarrabiako lehen finalaurrekoan
Julio Sotok lehen saioa zuen aurtengo Txapelketan, txapelduna izanagatik zuzenean baitzegoen finalaurrekoetarako sailkatuta. Gorritikoak saio polita egin du eta bereziki bakarkako ariketetan nabarmendu da. Lehen postuarekin finalerako zuzenean sailkatu da Soto. Atarrabian kantatu duten gainerako bertsolariek finalaurreko guztien puntuazioen zain egon beharko dute.
Bigarren postua Erika Lagomarentzat izan da. Haren atzetik lehia estua izan duten Oskar Estanga, Joxema Leitza eta Iñigo Olaetxea sailkatu dira. Finalaurreko seigarren sailkatua Iñaki Aleman izan da, bere ohiko txinparta erakutsi du iruritarrak, baina irristadaren bat ere izan du.
Nafarroako Bertsolari Txapelketak igande honetan izango du segida Etxarri Aranatzen jokatuko den bigarren finalaurrekoarekin. Herriko Kultur Etxean izango da saioa, arratsaldeko 17,30ean hasita. Sei bertsolari saiatuko dira finalerako txartela lortzen: Eneko Lazkoz, Xabier Silveira, Jon Barberena, Eneko Fernandez, Ander Fuentes “Itturri” eta Josu Sanjurjo.