Nafarroa

Joxe Urroz Arrastio hil da, urteetan epaile eta antolatzaile izandakoa

2021/09/03
78 urterekin zendu da, Baztanen. Oizen sortua, Iruritan eman zuen bizitzaren parterik handiena. Nafarroako bertso epaile izan zen urte luzez, eta baita saio askotako antolatzaile ere.

Atzo hil zen Joxe Urroz Arrastio. Duela 78 urte Oizen sortua, Iruritan eman zuen bizitzaren parterik handiena, eta Baztanen garatu zuen bertsolaritzaren, euskararen, herri kirolen eta herrigintzaren aldeko bere lan eskerga handia.

1983an hasi zen Nafarroako Bertsolari Txapelketan epaile.1985eko txapelketako aktetan ere, Nafarroako Bertsozale Elkartea eratu zenetik antolatutako lehenengoan, bere izena agertzen da antolatzaile eta epaile gisara. Ordutik, beste hamaika txapelketa eta sariketetan aritu zen epaile, 2008ko Nafarroako Bertsolari Txapelketara bitarte. 25 urteko epaile bidea, beraz. Bertso saio askoren antolatzaile lanetan ere ibili zen, batik bat Baztanen.

Elizondoko Lanbide Eskolako zuzendari izan zen 34 urtez, eta askotan utzi zion eraikina Nafarroako bertso mugimenduari, Bertso Eskolen arteko topaketak, zuzendaritza bilerak eta bestelakoak egiteko. Euskalgintzaren eta herrigintzaren beste eremu askotan ere aritu zen, besteak beste, Xorroxin Irratian kolaboratzaile, edota herri kirolen bultzatzaile.

 

Joxe Urroz, epaile zereginetan, 2003ko Nafarroako Bertsolari Txapelketan.