Joanes Illarregi leitzarrak irabazi du Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa
Guztira zortzi bertsolari gaztek hartu zuten parte lehenengo fase ireki batean. Gai orokorrarekin, lau oinekin eta hitza emanda bertsoak osatu ostean, Xabat Illarregi (Leitza), Joanes Illarregi (Leitza), Idoia Granizo (Altsasu) eta Ekain Alegre (Altsasu) aritu ziren bigarren fasean. Azkenean Joanesek jantzi zuen Nafarroako bertsolari gazteen txapela eta Xabat Illarregi berriz, bigarren sailkatua izan zen.
Biek ordezkatuko dute beraz Nafarroa, datorren ekainaren 4an Ereñozun jokatuko den Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan.
Saioko bertsoaldiak hemen ikus daitezke.
Lehia formatuko ekimen honekin batera, Eskolartekoa, ikasturtean zehar egiten diren bestelako ekimenen bilduma da: bertso-merenduak, Bertso Eskolen Eguna, topaketak, Negulekuak, Udalekuak, sariketak, bertsopaper lehiaketa... Ikasleek bertso-eskoletan landutakoa jendaurrean erakutsi ahal izateko, beraien artean harremanak sendotzeko, hurbilekoak bertsozaletzeko, ahozkotasuna eta euskara klasetik kanpo lantzeko... parada ematen duten egitasmoak dira finean Eskolartekoa osatzen dutenak.