Nafarroa

Joana Ziganda, Xabat Illarregi, Endika Legarra, Saats Karasatorre, Diego Riaño eta Sahats Aleman, txapelketara

2019/01/21
Ostiral eta larunbatean jokatu ziren 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako bi aurre-kanporaketak, Iruñean eta Irunberrin. Joana Ziganda nagusitu zen lehenengoan, eta Xabat Ilarregi bigarrenean. Horiekin batera, puntu gehien eskuratutako beste lau bertsolari ere sailkatu dira otsailean hasiko den txapelketarako.

Otsailaren 9an abiatuko da 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, eta hor arituko diren bertsolarien zerrenda osatze aldera, bi aurre-kanporaketa jokatu dira pasa den asteburuan. Txapelketa batean sekula parte hartu gabeko sei bertsolariak eta duela bi urteko azken sei sailkatuak aritu dira bi saio horietan, txapelketarako sei txarteletako bat lortu nahian. Arkaitz Goikoetxea, Saioa Mitxelena eta Jon Abril aritu dira epaile, bi saioetan.

Iruñeko Txantrea auzoko Auzotegin jokatu zen lehen aurre-kanporaketa, ostiralean, ehun entzuleren aurrean. Zigor Gartzia "Zian" gai-jartzailearen aginduetara aritu ziren Joana Ziganda, Diego Riaño, Aitor Irastortza, Sahats Aleman, Mintxo Astiz eta Idoia Granizo. Behin ariketa puntuagarriak bukatuta, honako puntuazioa eman zuen epaimahaiak:

  1. Joana Ziganda Olano. 234,5 puntu. 
  2. Diego Riaño Barroso. 231 puntu.
  3. Sahats Aleman Sadaba. 223 puntu.
  4. Idoia Granizo Ulibarrena. 215,5 puntu.
  5. Aitor Irastortza Arrizurieta. 213 puntu.
  6. Mintxo Astiz Goñi. 185,5 puntu.

 

Larunbatean Irunberrin izan zen saioa, herriko Gizarte Etxean, eta aretoa bete zuten ehun bat entzulek. Maialen Belarra aritu zen gai-jartzaile lanetan, eta kantuan sei bertsolari: Xabat Illarregi, Endika Legarra, Oskar Sanz de Acedo, Ander Baiano, Egoitz Gorosterrazu eta Saats Karasatorre. Honako sailkapena eman zuten hiru epaileek:

  1. Xabat Illarregi Marzol. 251 puntu. 
  2. Endika Legarra Nuin. 236,5 puntu.
  3. Saats Karasatorre Martinez. 235,5 puntu.
  4. Egoitz Gorosterrazu Elizagoien. 215,5 puntu.
  5. Ander Baiano Saralegi. 211,5 puntu.
  6. Oskar Sanz de Acedo Pollán. 207,5 puntu.

 

Horrenbestez, aurre-kanporaketa bakoitzeko irabazleek eta hurrengo lau sailkatuek lortu dute 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketara pasatzea, hain zuzen ere, Joana Ziganda, Xabat Illarregi, Endika Legarra, Saats Karasatorre, Diego Riaño eta Sahats Aleman. Hau izan da aurre-kanporaketetako sailkapen orokorra:

  1. Xabat Illarregi Marzol. 251 puntu. 
  2. Endika Legarra Nuin. 236,5 puntu.
  3. Saats Karasatorre Martinez. 235,5 puntu.
  4. Joana Ziganda Olano. 234,5 puntu.
  5. Diego Riaño Barroso. 231 puntu.
  6. Sahats Aleman Sadaba. 223 puntu.
  7. Egoitz Gorosterrazu Elizagoien. 215,5 puntu.
  8. Idoia Granizo Ulibarrena. 215,5 puntu.
  9. Aitor Irastortza Arrizurieta. 213 puntu.
  10. Ander Baiano Saralegi. 211,5 puntu.
  11. Oskar Sanz de Acedo Pollán. 207,5 puntu.
  12. Mintxo Astiz Goñi. 185,5 puntu.

 

Otsailaren 9an abiatuko da Nafarroako Bertsolari Txapelketa, eta martxoaren 23an bukatuko da, Iruñeko finalarekin. Nafarroako Bertsozale Elkarteak heldu den larunbatean, urtarrilaren 26an, eginen du publiko txapelketaren inguruko informazio osoa.

Bi aretoak bete dira aurre-kanporaketetan, ostiralean Txantrean, eta larunbatean Irunberrin.