Xabat Illarregik jantzi du IX. Izeta Sariketako txapela
Egun osoz jokatu da IX. Mariano Izeta Bertso Sariketa, Iruritako Gizarte Bilgunean, aforoa mugatuta eta osasun prebentziorako neurri guztiak beteta. Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak antolatu dute sariketa, bederatzigarrena, Mariano Izeta bertsozale eta euskaltzale baztandarraren (Elizondo, 1915-2001) omenez. Guztira, Nafarroako 16 bertsolari gaztek hartu dute parte sariketan. Goizean, bi kanporaketa izan dira, zortzina bertsolarirekin. Horietatik, seik lortu dute arratsaldeko finalerako txartela: kanporaketa bakoitzeko irabazleak -Irati Majuelo eta Xabat Illarregi, hurrenez hurren-, eta puntuazioaren araberako beste lau onenak: Sarai Robles, Ekhiñe Zapiain, Ekain Alegre eta Ainara Ieregi.
70 lagun ingururen aurrean jokatu da finala, Ander Aranburu gai-jartzaile zela. Hiru epaile aritu dira bertsolarien lana epaitzen: Amaia Telletxea, Joseba Beltza eta Saioa Mitxelena. Horiek emandako puntuak goizeko kanporaketetan bildutako emaitzari batuta atera da azken emaitza, eta hala izendatu dute Xabat Illarregi sariketako txapeldun (337,5 puntu). Bigarren izan da Sarai Robles (329,5), eta ondoren sailkatu dira Irati Majuelo (323), Ekhiñe Zapiain (321), Ekain Alegre (291,5) eta Ainara Ieregi (289). Finaleko bertso onenaren saria, berriz, Irati Majuelorentzat izan da, puntu erantzunetan botatako bigarren bertsoagatik.
Hurrengo taulan ikus daiteke finaleko puntuazioa (koloreztatua, ariketa bakoitzean puntuaziorik altuena atera duena).