Irurtzunen ospatuko da igandean Nafarroako gazteen bertso-eskolen eguna
Urtero bezala, ikasturte amaierarekin batera Nafarroako gazteen Bertso Eskolek bere eguna ospatuko dute. Oraingoan, maiatzaren 7an izango da besta, heldu den igandean, Irurtzunen. Egun osoz, 10 eta 18 urte bitarteko ikasleak bilduko ditu egunak, goiz eta arratsaldeko egitarau baten bueltan.
11:30ean izango da hitzordua Irurtzungo Kultur Etxean, eta orduan emango diote ikasleek hasiera egitarauari, ezagutza jolasekin. Ondoren, gaztetxoen bertso saioa eta Bertsopaperen Lehiaketako sari emate ekitaldia izango dira. Bazkal ostean, berriz, bertsogintzarekin lotutako jolas-dinamiken tartea izango da, 17.00ak arte.
Klaseko jarduna osatzeko helburuarekin eta ikasleen arteko elkar ezagutza handitu eta harremanak sendotzeko xedez egiten den ekimena da honakoa.
Gaur egun,18 urtetik beherako 302 ikaslek lantzen dute bertsolaritza eskola orduz kanpo, Nafarroa osoko 33 bertso eskoletan, eta 9 irakasleren jardunari esker. Astean behingo maiztasunez, bertsogintzaren oinarriak eta irakaspenak jasotzearekin batera, ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak garatzen dituzte besteak beste, transmisio bide den giro ludiko batean.