Nafarroa

Iruñeko Terminal tabernan jokatuko da 2019ko BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketako lehen kanporaketa

2019/10/03
Gaur izango da saioa, urriak 3, 19:00ean. Beñat Astiz eta Amaia Elizagoienek, Ainara Ieregi eta Saioa Alkaizak eta Aitor Irastortza eta Xabat Illarregik osatutako bikoteek hartuko dute parte lehen saio horretan.

Gaur, urriak 3, emango zaio hasiera 2019ko BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketari. Osotara, 16 eta 30 urte arteko hemezortzi bertsolari ariko dira sariketan, bikoteka. Horietatik sei izango dira gaurko lehen kanporaketan: Beñat Astiz eta Amaia Elizagoien, Ainara Ieregi eta Saioa Alkaiza eta Aitor Irastortza eta Xabat Illarregi. Iruñeko Terminal tabernan (Kaldereria kalea) jokatuko da kanporaketa, 19:00etatik aurrera. Bikote irabazlea zuzenean sailkatuko da urriaren 24an Iruñeko Herriko Tabernan jokatuko den finalera. Bigarren eta hirugarren kanporaketak, hurrenez hurren, urriaren 10an eta 17an izango dira, Zabaldi Elkartasunaren Etxean eta Mendillorriko Antzaran; bikote irabazleek finalerako txartela eskuratuko dute.

Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera emateaz gain, Iruñerriko publikoa –bereziki gazteak- bertsozaletzeko xedea du sariketak, bertsoa hiriburuko eremu informaletara eramanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Ikertzaile eta eragile nekaezina, kulturgintzaren eta euskalgintzaren alor ugaritan aritu zen Arraiza; besteak beste, Nafarroako Bertsozale Elkartearen fundatzaile eta lehendakariordea izan zen urteetan.

Sariketak, bertsolari gazteentzako akuilu
2017an abiatu zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketa, Iruñeko Udalaren eta Euskokultur Fundazioaren laguntzarekin. Orduko arrakastak hauspotuta dator sariketaren bigarren aldia, beste behin ere, Iruñeko lau gune informal bisitatuko dituena.

Egun, Nafarroako Bertsolari Txapelketa eta Bardoak taldekako bertso ekimenarekin batera, bertsolari gazte eta hasiberrientzako sariketak dira Nafarroako Bertsozale Elkartearen sustapen arloko egitasmo nagusiak. Txandaka, bi sariketa nagusi izaten dira: Izeta Sariketa (Mariano Izetaren omenez, Elizondon), eta BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketa, orain bi urte hasitakoa, ordura arte Goizuetan egiten zen Xalto Sariketaren ordez.

Sariketak akuilu dira herrialdeko bertsolari gazteentzat, haien bertsogintzan sakontzeko eta publiko aurrean trebatzeko aukera ematen dieten neurrian. Gerora Nafarroan plazarik plaza ibilitako bertsolari askok eman zituzten lehen urratsak gazteentzako bertso sariketetan.

Sei bertsolari ariko dira lehen kanporaketan, hiru bikotetan.