Ireki da 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketan izena emateko epea
Ireki da 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketan izena emateko epea. Gaur hasi eta apirilaren 14ra bitarte izanen da zabalik, eta ondorengo formularioa beteta bideratu beharko da izen ematea.
2007an edo lehenago jaiotako bertsolariek eman ahalko dute izena (hots, 18 urte dauzkatenak edo 2025ean zehar beteko dituztenak). Nafarroan jaiotako bertsolariak izan beharko dira, txapelketa jokatzen den urtean bizilekua Nafarroan dutenak edota Nafarroako bertsolaritzarekin lotura estua dutenak. Gainera, Bertsozale Elkarteko kide izatea ere eskatuko zaie.
Maiatzean jokatuko dira sailkatze saioak, azken txapelketan, 2023koan, parte hartu ez zuten bertsolariekin -eta, araudian jaso bezala, saioak osatzeko beharko balitz, azken txapelketako azken sailkatuekin-. Txapelketa bera, urriaren 4an abiatuko da, eta azaroaren 29an bukatu. Aurten Nafarroa Arenan izango du finala Txapelketak. 47. txapelketa izango da aurtengoa; azkenekoan, 2023koan, Julio Sotok jantzi zuen Nafarroako txapela.