Giro ederrean ospatu dute Amaiurren Nafarroako Bertso Eskolen Eguna
Barañain, Iruñea, Larraun, Bera, Lesaka, Etxalar, Doneztebe, Saldias, Erratzu eta Amaiurko 7 eta 15 urte bitarteko 90 gaztetxo elkartu ziren igandean Amaiurren Nafarroako Bertso Eskolen Egunaren edizio berri batean.
Goizean Amaiurko gazteluari bisita egin zioten, Mikel Altzuarten gidaritzapean. Bertan, kitarraren laguntzaz Amaiurko gazteluari bertsoak kantatu zizkioten. Horren ostean bertsopaper lehiaketako sari banaketa egin zuten. Amaiur Goñi (bera), Beñat Astiz (Barañain), Ekhine Zapiain (Bera) eta Ekain Alegre (Altsasu) izan ziren sarituak.
Bazkaltzeko tenorea ailegatu zen jarraian. Bazkaria amaituta, bat-bateko saioa egin zuten gaztetxoek eta egunari amaiera emateko bertsolaritzarekin lotutako jolasak. Arratsalde partean, autobusa hartu eta beren herrietara itzuli ziren.
Gaur egun,18 urtetik beherako 228 ikaslek lantzen dute bertsolaritza eskola orduz kanpo Nafarroan. Astean behingo maiztasunez, bertsogintzaren oinarriak eta irakaspenak jasotzearekin batera, ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak garatzen dituzte besteak beste, transmisio bide den giro ludiko batean.