Nafarroa

Gaur argituko da Bertsokabi Sariketako finala, Barañaingo Lanabe Kultur Elkartean

2017/10/20
Sariketako azken kanporaketa jokatuko da gaur, 20:30ean, Barañaingo Lanabe aretoan, eta hor zehaztuko da heldu den osteguneko finalean ariko den hirugarren bikotea. Amaia Elizagoienek eta Xabat Illarregik, Saioa Alkaizak eta Aitor Irastortzak eta Saats Karasatorrek eta Unai Artiedak osatutako bikoteak izango dira gaurko oholtzan. Egoitz Gorosterrazuk, bestalde, Irati Majuelo ordezkatuko du finalean.

Iritsi da BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketaren azken kanporaketa. Gaur, urriak 20, jokatuko da saioa, eta orduan osatuko da heldu den ostegunean, hilak 26, Iruñeko Arrano Elkartean jokatuko den finalean ariko diren sailkatuen zerrenda. Barañaingo Gaztetxean zen jokatzea gaurko saioa, baina azkenean, herri horretako Lanabe Kultur Elkartean izango da azken kanporaketa, 20:30ean. Aurrez, 20:00etan, merendua izango da bertaratutako guztientzat. Sei bertsolari izango dira oholtza gainean, hiru bikotetan: Amaia Elizagoien eta Xabat Illarregi, Saioa Alkaiza eta Aitor Irastortza eta Saats Karasatorre eta Unai Artieda.

Gaurko bikote irabazleak zuzenean lortuko du finalean kantatzeko txartela, urriaren 26an, 19:30ean, Iruñeko Arrano Elkartean. Aurreko bi kanporaketetan nagusitutako bi bikoteek ere lortu dute honezkero finalerako pasea: Alazne Untxalo eta Irati Majuelok, eta Joanes Illarregik eta Ekain Alegrek. Majuelok, ordea, ezin izango du finalean parte hartu, eta hortaz, Egoitz Gorosterrazuk hartuko du bere lekua, aurrez zehaztutako ordezkapenetarako protokoloak aurreikusi gisara.

Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera emateaz gain, Iruñerriko publikoa –bereziki gazteak- bertsozaletzeko xedea du sariketak, bertsoa hiriburuko eremu informaletara eramanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Ikertzaile eta eragile nekaezina, kulturgintzaren eta euskalgintzaren alor ugaritan aritu zen Arraiza; besteak beste, Nafarroako Bertsozale Elkartearen fundatzaile eta lehendakariordea izan zen urteetan.

Barañaingo Lanabe Kultur Elkartean izango da saioa, Lagunak Kirol Elkartearen aldamenean.