Ekhiñe Zapiainek eta Josu Sanjurjok irabazi dute Bertsokabi Sariketako bigarren kanporaketa
Iruñeko Zabaldi Elkartasunaren Etxean jokatu da II. BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketaren bigarren kanporaketa. Hiru bikote eta sei bertsolari izan dira taula gainean: Ekain Alegre eta Iker Gorosterrazu, Mikel Lasarte eta Sarai Robles eta Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjo. Gai-jartzaile eta aurkezle zereginak, berriz, Asier Garciak bete ditu. Publikoko bost pertsonek izan dute bertsolarien jarduna epaitzeko ardura, eta haiekin batera, Amaia Telletxea eta Joseba Beltza ere aritu dira epaile lanetan. Lan puntuagarriak behin bukatuta, Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjok osatutako bikotea izendatu dute saioko irabazle. Modu horretan, urriaren 24an Iruñeko Herriko Tabernan jokatuko den finalerako txartela eskuratu dute. Haiekin batera izango dira finalean Aitor Irastortza eta Xabat Illarregi, aurreko asteko saioan sailkatuak.
Bikoteka banatu dituzte saioan zehar egin beharreko lanak. Lehenbizi, gaia emanda, ofiziotan aritu dira sei bertsolariak, binaka, bikoteak nahastuz. Segidillaren txandan, minutu bateko bina txanda osatu dituzte Iker Gorosterrazuk, Mikel Lasartek eta Josu Sanjurjok, erritmo bizian. ‘Bat, bi, hiru’ jokoaren tartean, A-z hasitako Nafarroako herriak, euskal musika taldeak eta barazkiak zerrendatzen ibili dira puntuka hiru bikoteak, hurrenez hurren.
Jolas horren ostean iritsi da bakarkako ariketa, Ekain Alegrek, Sarai Roblesek eta Ekhiñe Zapiainek bete dutena, oinak emanda habanera bana osatuz. Horren ostean, saioari bukaera emateko, koplaka aritu dira hiru bikoteak, egoera emanda. Bukaeran, behin publikoaren eta epaileen iritziak bilduta, jakinarazi du aurkezleak saioko bikote irabazlea.
Azken kanporaketa, heldu den ostegunean
Hurrengo ostegunean, urriak 17, jokatuko da sariketaren hirugarren eta azken kanporaketa, Mendillorriko Antzara gunean 19:00etan. Hiru bikote izango dira kantuan, sei bertsolarirekin: Alazne Untxalo eta Irati Majuelo, Endika Legarra eta Joanes Illarregi eta Etxahun Azkarraga eta Patxi Castillo. Saioko irabazlea urriaren 24ko finalera sailkatuko da, orain arte sailkatutako beste bi bikoteekin batera.
Nafarroako bertsolari gazteei trebatzeko eta jendaurrean kantatzeko aukera emateaz gain, Iruñerriko publikoa –bereziki gazteak- bertsozaletzeko xedea du sariketak, bertsoa hiriburuko eremu informaletara eramanez. Era berean, egitasmo horren bitartez, Eugenio Arraiza (Iruñea, 1936-2015) zenaren figurari gorazarre egin nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak.