Nafarroa

Ekain Alegrek jantzi du XI. Izeta Sariketako txapela

2024/11/24
Baztanen jokatu da Mariano Izeta euskaltzale eta bertsozale baztandarraren omenezko sariketa, hamaikagarrena. Arratsaldean 12 bertsolarik hartu dute parte bi kanporaketetan, Erratzun eta Elizondon, eta horietatik sei sailkatu dira finalerako. Horien artean, Altsasuko bertsolariak jantzi du txapela. Bertso onenaren saria, bestalde, Beñat Astizentzat izan da.

Gaurko egunez jokatu da XI. Mariano Izeta Bertso Sariketa, Baztango hainbat tokitan. Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak antolatu dute sariketa, hamaikagarrena, Mariano Izeta bertsozale eta euskaltzale baztandarraren (Elizondo, 1915-2001) omenez. Guztira, Nafarroako 12 bertsolari gaztek hartu dute parte sariketan. Arratsaldean, bi kanporaketa izan dira, seina bertsolarirekin. Horietatik, seik lortu dute arratsaldeko finalerako txartela, saio bakoitzeko lehen hirurak. Elizondoko Intza ostatuan jokatutako kanporaketan, hain justu, Beñat Astiz, Endika Legarra eta Idoia Granizo izan dira sailkatuak; Erratzuko Zubi-punta ostatuko saioan, aldiz, Ekain Alegre, Ekhiñe Zapiain eta Mikel Lasarte sailkatu dira.

Sei horiek jokatu dute finala, afalostean, Elizondoko Kortarixar jatetxean. 50 lagun ingururen aurrean jokatu da finala, Zigor Gartzia "Zian" gai-jartzaile zela. Bost epaile aritu dira bertsolarien lana epaitzen: Amaia Telletxea, Nerea Bruño, Patxi Barberena , Joseba Beltza eta Julen Zelaieta. Horiek emandako puntuen arabera, Ekain Alegre izendatu dute txapeldun, 328,5 punturekin. Haren ostean sailkatu dira Ekhiñe Zapiain (328), Mikel Lasarte (314), Beñat Astiz (300,5), Idoia Granizo (294,5) eta Endika Legarra (284,5)

Txapeldunaz gain, saioko bertso onenaren saria ere eman du epaimahaiak. Kasu honetan, Beñat Astizentzat izan da, hamarreko txikiko bigarren bertsoagatik. Bi sariak, txapela zein bertso onenarena, Ines Izetak, Mariano Izeta zenaren alabak, banatu diitu.

Hurrengo taulan ikus daiteke finaleko puntuazioa (koloreztatua, ariketa bakoitzean puntuaziorik altuena atera duena).

 

50 lagun inguru bildu dira Elizondoko Kortarixar jatetxea, saioa bertatik bertara jarraitzeko.